ALBISTEAK

Oualid Saidi: "Osasun arloko langileei eta biztanle guztiei eskerrak eman gura izan dizkiegu"

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 27a, 17:00

Osasun arloko langileak omendu gura izan zituzten zapatu iluntzean, eta deialdi horrekin bat egin zuten anbulantziek, ertzainek eta udaltzainek. Debagoieneko herri guztietako adinekoen egoitzetara eta Debagoieneko ospitalera joan ziren sirenak jarrita, txaloak eskaintzera.

COVID-19 gaitza iritsi eta ospitaleak gaixoekin betetzen hasi orduko herritarrak txalo bidez hasi ziren aitortzen osasun arloko langileei egiten dabiltzan lana. Eguneroko txaloetatik harantzago joan, eta oraingoan, Ambulancias Gipuzkoa enpresako hainbat gidarik omenaldi xumea eskaini gura izan diete haiei.  

Hamabi bat anbulantzia, batzuek Ambulacias Gipuzkoakoak eta besteak Bizi-euskarri aurreratuko anbulantziak, ertzainen hiru-lau auto eta herri batzuetan udaltzainak, elkartu ziren zapatu arratsaldean omenaldirako. Bergarako Mizpirualde egoitzatik abiatu zuten ibilbidea sirena hotsekin; Eskoriatzako Jose Aranatik pasatu ziren, Aretxabaletako GSRn geratu, Arrasateko Iturbidera jo eta Debagoieneko ospitalera iritsi ziren 20:00etarako. Ondoren, Oñatiko San Martin egoitzara ere joan ziren. 

Egoitza guztien aurrealdean jaitsi egin ziren ibilgailuetatik, eta txaloak eskaini zizkieten langileei zein egoiliarrei, baita eskerrak eman ere. Herritarrek ere bat egin zuten haiekin eta etxeko balkoietatik eta leihoetatik txaloka jardun zuten horiek ere.

Debagoieneko ospitalean hainbat langilek irten zuten  eskerrak ematera gerturatutakoei, eta hunkituta agertu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak