#SOSNekazariak kanpaina babesteko deia egin dute eskala txikiko nekazariek

Uxue Igarza Loiola 2020ko api. 27a, 12:59

Espainiar Estatuko 700 erakundek eskala txikiko nekazarien aldeko neurriak hartzeko eskatu zioten Gobernuari martxoaren 30ean, baina oraindik zain daudela salatu dute. Horregatik, kanpainaren bitartez gizartearen babesa lortzea nahi dute nekazariek.

Pandemiak eskala txikiko nekazariengan izandako eraginari erantzun "egokia, koordinatua eta presazkoa” emateko eskatu diote nekazariek Gobernuari, baina erantzun falta dela-eta, sareetan #SOSNekazariak kanpaina abiatu dute herritarren sostengua bilatzeko.

Martxoaren 30ean, zortzi proposameneko gutuna bidali zioten Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, eskala txikiko elikagai-ekoizpena eta agroekologia babesteko asmoz, eta ondoren, Kontsumo Ministeriora eta Osasun Ministeriora ere bidali zuten mezua. Kontsumo Sailarekin apirilaren 17an bilera egin zuten, eta “laguntzeko prest” agertu zirela esan duten arren, nekazariak konponbiderik jaso gabe jarraitzen dutela azaldu dute.

Bestetik, gizartearen babesa goraipatu nahi izan dute, eta Ministerioari bidalitako gutuna 700 erakundek sinatu dutela azaldu dute. Horrek, EAEn gertatu den bezala, finkoak ez diren hainbat merkatu baimentzea ekarri duela esan dute, besteak beste. Bide horretatik herritarren babesa ikusarazteko #SOSNekazariak kanpaina abiatu dute sareetan, eta zabalkundean laguntzeko deia egin dute.

Nekazarien proposamena

Gutunean jasotako proposamenak “irtenbide zehatzak” eta “aplika daitezkeenak” eskaintzen dituela esan dute nekazariek eta horregatik “ulertezina” iruditzen zaiela Gobernuaren erantzunik eza. Besteak beste, administrazioek tokiko ekoizpenen alde egitea jasotzen da gutunean, eta modu horretan, ospitaleak, adinekoen zentroak, gizarte-jantokiak, eskola-jantokiak edo elikagai-bankuak hornitzeko janarien erosketan eskala txikiko nekazariak kontuan hartzea. Bestetik, administrazioen arteko koordinazioa hobetzea ere eskatu dute nekazariek, “eraginkortasunez eragiteko.

Larrialdi egoeran, elkarlanean lurraldeen alde eta elikadura osasuntsu eta jasangarrirako eskubidearen alde arituko direla esan dute: “Funtsezkotzat jotzen dugu agroekologia eta elikadura burujabetza izatea trantsizio ekosozialeko agertokiaren aldeko apustua”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak