Aretxabaletan, Hemengaz! ekimena jarri dute abian, Arrasaten, Ibai-artek Zu zara gure txertoa! lelopean, bezeroen eskura jarri dituzte deskontu-kupoiak eta doako liburuxkak. Bergaran, Herriko komertzioa Bergararekin, Bergara herriko komertzioarekin izenpean, Udalak eta herriak herriko komertzioari merezi duen esker ona eta balioa emateko helburua duen kanpaina abiarazi dute, eta Oñatin, hitzordu ederra antolatu du Txanda-k zapaturako.
'Hemengaz' egitasmoa
Herriko merkatariei, ostalariei eta autonomoei babesa eskaintzeko helburuarekin Hemengaz! ekimena sortu dute Aretxabaletan hainbat eragilek, besteak beste, AZ Taldeak eta Udalak. Herria punta batetik bestera, kalez kale, zeharkatu zuten AZ Taldeko kideek Udalaren furgoneta gainean, musika lagun hartuta. Eta herritarrak dantzan jarri zituzten Hemengaz! leloarekin apaindutako balkoietan. Aretxabaletako 40 taldek baino gehiagok eman diote atxikimendua egitasmoari, eta horren berri eman zuten, atzoko online-prentsaurrekoan, zuzenean, Goiena.eus-en.
Prentsaurrekoan UDAko presidente Agurtzane Elkorok, Iñigo Iñurrategi Loramendiko presidenteak eta Aretxarteko kide den Idoia Elexpuruk hartu zuten parte, eta Goienako kazetari den Mirari Altubek gidatu zuen saioa.
Iñurrategik azaldu zuen, lehenengo pausoa izan dela, baina aurrera begira, beste pauso batzuk emateko bidea emango duela hasiera honek: Herrigintza muskulu hau indartsuago eduki eta gai izango gara aurre egiteko. Gauza txikiak dira, baina, azkenengo asteetan praktika edo mugimendu interesanteak sortzen ari dira herri askotan, eta Aretxabaletan ere. Guk nahiko genuke hori sustatzea eta olatu hau aprobetxatzea beste gauza batzuk egiteko".
"Ikusi dugu herritarak gerturatu direla kalean, aportazioak ere egin digute… Bonoen bidez aurreratzen dute, eta gerora etorriko dira nahi dutenean eta gastatuko dute. Beraz oso eskertuta gaude…", gaineratu zuen Idoia Elexpuruk.
Aretxabaletako herritarrei eskertuz, eta egoera hau pasatzean ikasgai moduan balio dezan esanez eman zion amaiera hizketaldiari, berriz, Agurtzane Elkorok: "Hemendik irtetean ea ikasi dugun zerbait. Eta ikasi badugu, bizitzari aurrerapauso handi bat emango diogu. Orain, guri eman digu kolpea, eta ea hemndik gutxira guk ematen diogun berari…".
Ibai-arteren Deskontu-kupoiak
Arrasateko komemertzioek ere antolatu dute beraien egitasmoa, Zu zara gure txertoa lelopean. Ibai-Artetik deskontu kupoiak jarri dituzte beraien bezeroen eskura, eta zuzaraguretxertoa.eus plataforman sartuta, bertan eskura daitezke elkarteko denda, zerbitzu eta establezimenduetan erabiltzeko kupoiak. Hartutako kupoiaren kopuruaren arabera, 5, 10 edo 15 euro oparitzen dituzte kupoi bakoitzeko.
Horrekin batera, ere liburuxkak jarri dituzte haurren eta nagusien eskura. Liburuxka hauek doakoak dira eta ariketak, eskulanak, marrazkiak, denbora-pasak eta abar dituzte, guztien konfinamendua arintzeko eta alaitzeko asmoarekin.
Elkartsasun mezuak Bergaran
Bergaran ere, Udalak martxan jarri du komertzianteen aldeko kanpaina. Herriko komertzioa Bergararekin, Bergara herriko komertzioarekin izenpean, Udalak eta herriak herriko komertzioari merezi duen esker ona eta balioa ematea du helburu kanpainak. Hala, Udalak komertzioetako kideei gonbidapena egin die bergararrei zuzendutako mezuak bidaltzeko; eta horiek guztiak zabaltzen hasia da Udala bere sare sozialetan. Orain arte herriko 20 negozio animatu dira bideo bitartez mezuak grabatzen. Komertzianteek uste dute guztion artean aurrera egingo duela Bergarak eta guztiei alea jartzera animatu dituzte.
Horrez gain, Udalak gonbidapena luzatu nahi die herritar guztiei beraien negozio kuttunak direnei elkartasun mezuak bidaltzeko eta balioan jartzeko, googlemaps aplikazioa erabiliz. Horrekin batera, herriko komertzioak irekita edo itxita dauden ikusteko Udal webguneko saltokien mapa kontsultatu daiteke.
Oñatin, zapaturako jaia
Oñatin, bestalde, etxeko txikiendako eta gaztetxoendako sorpresak iragarri ditu Txandak biharko. Sorpresa horiek zeintzuk diren jakiteko, hauxe da egin beharrekoa: balkoira mozorrotuta irten, etxeko oihal koloretsuak balkoietan eta leihoetan jarri eta musika ipini.