Formatu fisikoko maileguak ezin direnez egin, gora egin dute Euskadiko irakurketa Publikoko Sarearen liburutegiek eskaintzen duten eLiburutegia plataformako mailegu digitalek; 6.400 erabiltzaile berri izan ziren martxoan; milioi bat erabiltzaile ditu orain.
Mailegu digitalean laguntzen
Lau langile ditu Bergarako liburutegiak, batzuk etxetik ari dira eta beste batzuk liburutegian. "Mailegu digitalarekin lotutako deiak egunero jasotzen ditugu eta Bergara.eus atarian jarri ditugu argibideak", dio Mila Agirrezabal bibliotekariak.
Zortzi langile dira Arrasatekoan, eta etxetik ari dira guztiak. "Hasieran, hara joaten ginen bildumarekin lotutako zereginak egiteko, eta orain, telelanean ari gara: bibliografiak eta gomendio gidak osatzen, katalogoa orrazten, sare sozialak dinamizatzen... eta literatura solasaldiak ere online dira. Maileguetarako dei asko ari gara jasotzen gurean ere", dio Ane Berasategik.
Aretxabaletan bi liburuzain daude eta, bereziki, "inbentarioa eta antolaketa lanetan" ari direla azaldu du Joseba Lopez de Armentiak; eta Eskoriatzan ere bi langile dira, baina asteon bera bakarrik izan dela lanean gaineratu du Iñaki Agirianok, bera ere telelanean. Elgetan, Antzuolan, Leintz Gatzagan eta Aramaion bibliotekari bana dute eta ezaugarri bereko lanekin ari dira; horiek ere, etxetik.
Oñatiko bibliotekan lau lagun direla kontatu du Arantzazu Ibarrondok, baina asteotan hiru ari direla, telelanean: "Online saioak antolatzen, mezuei erantzuten, bibliografiak idazten, katalogazioa, online bilerak... Kontrakoa dirudien arren, liburutegietan barruko lanek pisu handiagoa dute mostradore-lanek baino. Jendeak uste duen baino lan gehiago egiten da atzean".
ESKORIATZAN, OÑATIN ETA ARRASATEN 'ONLINE' DIRA LITERATURA SOLASALDIAK
Liburuaren Eguna, atzo
Guztietan ziren apirilaren 23aren bueltan ekitaldiak egitekoak, baina bertan behera geratu edo atzeratu egin dira gehienak; hala dio Bergarakoak: "Urrian, Bibliotekaren Egunaren bueltan, formatu txikiko ipuin kontaketa telematikoak egingo ditugu ikastetxeekin elkarlanean", eta zera gaineratu du Elgetako Geaxi Ezpeleta liburuzainak: "Artista liburuak sormen lehiaketa abian dugu eta baita marrazki lehiaketa bat ere".
Euskarazko literatura taldea atzo bildu zela kontatu du Agirianok, Miñan (Amets Arzallus eta Ibrahima Balde) liburuari buruz online jarduteko. "Solasaldi itxia izan zen, ohiko kideentzako bakarrik. Liburuaren Egunaren egitarauaren barruan, Ezagutuz ulertu, ulertuz maitatu ekitaldia egitekoak ginen gaur, baina atzeratu egin dugu, eta gure asmoa da maiatzean egitea; horrez gain, astelehenean hasita, bi liburu gomendio –bideo formatuan– igoko ditugu astero, Eskoriatzakoagenda.eus atarira eta Eskoriatzako bibliotekaren Youtubeko kanalera".
Oñatikoek, hitzaldia gaur
Yurre Ugarte eta Ivan Repila irakurketa kluben dinamizatzaileen hitzaldiak antolatu dituzte Oñatikoek aurtengoa ospatzeko. Atzo, Ugartek Joana Maiz bere eleberri grafikoaz jardun zuen, eta gaurko, Repilaren Autores y personajes en cuarentena: una mirada lúdica al confinamiento en la literatura proposatu dute: "18:00etan, Meet.jitsi.si/Onatiko- liburutegiaHitzaldia estekan klik egin eta hitzaldiaz gozatu. Online egin ezin diren ekitaldiak aurrerago egingo ditugu".
Arrasatekoek, OstegunERO
Atzo hasita, udaberriko eguenetan, haur zein helduentzako askotariko jarduerak eskainiko dituzte Arrasate.eus/biblioteka atarian, eguenetan, 16:00etatik 00:00etara –ipuin kontaketak, musika eta magia saioak, zientzia esperimentuak...–.