Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko Arrasateko Udal Bibliotekak jarduera zikloa abiatuko du gaur

Uxue Igarza Loiola 2020ko api. 23a, 09:28

Gaurko ikuskizunen kartela.

‘Udaberriko ostegunERO’ zikloak astero jarduerak eskainiko dituela iragarri dute; haur eta helduentzako kontaketak, musika, magia eta zientzia esperimentuak, izango dira ikusgai, besteak beste.

Liburuaren Eguna modu “berezian” ospatzeko proposamena egin du Arrasateko Bibliotekak, eta ‘udaberriko ostegunERO’ izeneko zikloa abiatuko du. Gaur bi saio egingo dira, eta emanaldiak online ikusteko aukera jarri dute bibliotekaren web orrian. Ostegunero, 16:00etatik aurrera irekiko dute atala.

EZBERDIN BEZAIN EDER

‘Ezberdin bezain eder’ ikuskizunak emango dio zikloari hasiera gaur. Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok ipuin kontaketa musikatua eskainiko dute, eta ezberdina izateaz jardungo dute, hain zuzen ere. Anitza eta ezberdina dena kuriositatez begiratzera, ezagutzera eta hurbiltzera gonbidatu nahi dituzte haur eta gurasoak.

Txirula izan nahi zuen kontrabaxua, milaka koloretako eguzki izpi arraroa eta ezusteko oparia jaso zuen urtxintxa izango dira protagonistetako batzuk, eta zuzeneko musikak lagunduko ditu istorioak.

GAUEAN ESNATZEN DELAKO

Bestetik, ipuin musikatuez gain, Maite Frankoren ‘Gauean esnatzen delako’ ipuinaz gozatzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan, helduei zuzendutako 10 minututako saioa egingo du kontalariak eta gauak zertarako diren asmatzen jardungo du: “Izua, sexua, ala deskantsua? Entzun nahi al duzu hor barrena kontatzen dutena? Ba, kontu ilun eta lizunak dira horiek, zirrara eta ikara sortarazten dutenak”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak