Gainerako lurraldeetan bezala, Debagoienean ere gora egin du kultura eta literatura kontsumitzeko online joerak. Udalerrietako datuak daude txertatuta ondorengo tauletan:
HERRIAK | MAILEGUAK MARTXOAN |
Aramaio | 11 |
Antzuola | 9 |
Aretxabaleta | 60 |
Arrasate | 247 |
Bergara | 107 |
Elgeta | 13 |
Eskoriatza | 16 |
Leintz Gatzaga | 2 |
Oñati | 175 |
Guztira | 640 |
HERRIAK | ERABILTZAILE BERRIAK MARTXOAN |
Aramaio | 3 |
Antzuola | 5 |
Aretxabaleta | 16 |
Arrasate | 88 |
Bergara | 40 |
Elgeta | 5 |
Eskoriatza | 11 |
Leintz Gatzaga | 1 |
Oñati | 59 |
Guztira | 228 |
Bestetik, aipatzekoak dira bailaran gehien irakurri diren lanak ere: lehenengo postuan, Dolores Redondoren La cara norte del corazón; bigarrenean, Karmele Jaioren Aitaren etxea eta hirugarren postuan, Camilla Läckbergen Una jaula de oro.
eLiburutegiko datuak
Euskal Autonomia Erkidegoan liburutegi gehienek ez dute liburuak fisikoki mailegatzeko zerbitzua egiten, baina online maileguak modu nabarmenean hazi dira eLiburutegian. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, konfinamendu aurretik 190 eta 260 artekoak ziren egunean egiten ziren maileguak, baina azken asteetan 1.000 eta 1.200 artera hazi da zenbatekoa. Martxoa izan da eLiburutegian mailegu gehien erregistratu den hilabetea: 18.539 egin ziren zehazki; otsailean bestalde, 6.553 eta urtarrilean, 7.571.
Bestetik, eLiburutegiak eskaintzen dituen 20.000 lanen artean, bailarako joera orokortuz, Redondoren La cara norte del corazón eta Jaioren Aitaren etxea izan dira momentura arte gehien eskatu direnak.
Liburutegia etxean
Aste hauetan liburutegiek beren jarduna birpentsatzeari ekin diote, eta konfinamenduan kulturaz eta irakurketaz gozatzeko alternatibak eskaini ditu hainbatek.
Horren adibide da, esaterako, Arrasateko Udal Bibliotekak gaur, eguena, Liburuaren Nazioarteko Egunean, abiatuko duen jardunaldi zikloa: udaberriko ostegunERO.
Bestetik, Oñatiko Udal Liburutegian ere eskaintza berezia egin dute datozen egunotarako. Gaur, Yurre Ugartek Literatura, komikia eta erresistentzia: Joana Maiz nobela grafikoaren inguruan jardungo du, 18:00etan. Saioa online ikusteko helbidea luzatu dute. Horrez gain, bihar Autores y personajes en cuarentena: una mirada lúdica al confinamiento en la literatura saioa eskainiko du Iván Repila eleberrigile bizkaitarrak. 18:00etan izango da, helbide berean.