ALBISTEAK programa

Guztiz ezohikoak diren baldintzetan bada ere martxan da ikasturteko hirugarren hiruhilekoa

Astelehenean amaitu ziren Aste Santuko oporrak. Hala ere, ikastetxeetako gelak eta patioa hutsik daude. Bideo-konferentzia bidezko saioak dira nagusi, eta helburua da gutxieneko lan errutina batzuk markatzea.  

Egoera berrira egokitu behar izan dira irakasleak, ikasleak eta familiak. Irakasle gehienak ere etxetik ari dira lanean. Elgetako eskolatik, esaterako, lasaitasun mezua igorri diete familiei. Etxetik egingo diren lanak ez dira kalifikatuko. 

Etxe bakoitzeko egoera oso desberdina da eta tutoreak eta espezialistak adi daude sor daitezkeen premiei arreta eskaintzeko. Atzemandakoetako bat arrakala digitala izan da. Familia guztiek ez dituzte baliabide berdinak. Izarkom kooperatibak eskainitako SIM txartelak banatu dituzte, esaterako, Elgetan. Ordenagailu eramangarriak ere. Udalak banatu ditu oraingoz. Premia berriak antzeman dira eta aurrerantzean eskolak ere lagako ditu Eskola 2.0 programako ordenagailuak.

Eta ikasturtea aurrera doa, eta ikasleak etxetik ari dira lanean. Datu bat: gehienek faltan botatzen dute eskola. Tira, eskola baino gehiago, eskolako lagunekin elkartzea. Eskola modu berrietara ohitzen ari dira poliki-poliki.

Izan ere aldian aldiko konexio horiek aukera ematen dute harremanak ere zaintzeko. Gaur, esaterako, Zorionak zuri abestu dute lehenengo mailako neska-mutikoek. Andereño Irunek betetzen ditu urteak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.