Txikienek etxetik irteteko edukiko dituzten baldintzen gaineko xehetasunak eman ditu Maria Jose Montorok arratsaldean, baina esandakoak kritika ugari jaso ditu. Izan ere, irteera "mugatuak" izango direla esan du eta erosketak egitera, farmaziara edo banketxetara bakarrik joan ahal izango direla haiekin bizi heldu baten laguntzarekin. Paseoak ematearen eta kirola egitearen aukerak aurrerago aztertuko dituztela adierazi du bozeramaileak.
Esandakoak, baina, kontrako iritzi asko sortu dituela ikusita azalpenak ematera etorri da ordu batzuk beranduago Osasun Ministro Salvador Illa. Horrek adierazi du umeek paseoak ere eman ahal izango dituztela domekan, apirilaren 26an, hasita. Horren gaineko argibide gehiago datozen orduetan emango dutela gaineratu du.
14 urtetik gorakoek erosketak egitera joateko aukera izango dute astelehenetik, eurez kabuz, laguntza barik.
Neurri berri horien harira Montorok eskatu die gurasoei "tentuz eta arduraz jokatzeko eta higiene eta segurtasun neurriak betetzen jarraitzeko", pandemia berriro zabaldu ez dadin.
"Normaltasunerako itzulera"
Maria Jose Montororen agerraldiaren ostean egin du berba Josu Erkoreka bozeramaileak. Azpimarratu du hilaren 27an hasiko dela "normaltasunerako itzulera", eta bide hori egiten lehenak haurrak izango direla. Gaineratu du aurrerago hartuko diren "berehalako beste neurri batzuk" izango direla kirola egiteko eta denda eta saltoki txikiak irekitzeko baimenak.
Ikasturte amaiera, nolakoa?
Era berean, ikasturte bukaerari egin dio erreferentzia Erkorekak. Esan du Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte asteon bilduko dela hezkuntza arloko eragileekin, ikasturte amaiera nolakoa izan behar duen horiekin "kontrastatzeko". Ondoren, ikastetxeetara bidaliko dute hiru ardatz dituen protokoloa. Funtsezko edukiei, ebaluazio irizpideei eta ikastetxeetara modu presentzialean itzultzeko agertokiei eragiten die.