ALBISTEAK

Konfinamendua hasi zenetik 400 salaketa proposamenetik gora jarri dituzte Ertzaintzak eta Udaltzaingoak

Maialen Santos 2020ko api. 17a, 14:38

Konfinamendua martxoaren 15ean hasi zenetik aste honen hasierara arte guztira 185 salaketa proposamen jarri ditu Ertzaintzak Debagoienean, eta 200 baino gehiago izan dira herri bakoitzeko udaltzainek jarritakoak. Oro har, diote herritarrak orokorrean ari direla konfinamendua betetzen. 

Ertzaintzak GOIENAri azaldu dionez, arrazoirik gabe kalean egoteagatik edota kotxean bidaiatzeagatik jarri dituzte isun gehienak, eta 80.000 eurotik gora batuko dituzte jarritako 185 salaketa proposamenetatik. Bestalde, azaldu dute joan den martitzenean desobedientzia delitu larri bana egotzi zietela Arrasateko bi herritarrei, "konfinamendua behin eta berriz ez betetzeagatik".

Herrika, Arrasaten jarri dituzte salaketa proposamen gehien; 47, zehazki, eta Bergaran 43. Aretxabaletan ia 20 jarri dituzte, eta Oñatin, aldiz, 11. Bailarako gainontzeko herrietan 10 salaketa proposamenetik behera jarri dituzte, eta Aramaion bat bera ere ez.  

Udaltzainek, 200 salaketa proposamenetik gora

Ertzaintza ez ezik, herririk herri udaltzainek ere badihardute herritarrak konfinamendua betetzen ari direla egiaztatzen. Bergaran, joan den domekara arte 1.102 ibilgailu eta 597 pertsona identifikatu dituzte; eta horietatik, 65 pertsonari jarri zioten santzio proposamena; denera, identifikatuen ia %4ari. Oñatiko udaltzainek, bestalde, aste hasierara arte 382 pertsona identifikatu dituzte eta 520 ibilgailu gelditu dituzte kontroletan. Jarritako salaketa proposamenak 25 izan dira. Oñatiko udaltzainek GOIENAri azaldu diote pertsona bati bi salaketa jarri dizkiotela; bata, arrazoirik gabe kalean egoteagatik, eta bestea, droga izan daitekeena eramateagatik. Arrasateko Udaltzaingoaren kasuan, 1.047 pertsona identifikatu, 2.900 auto gainbegiratu eta 119 santzio proposamen jarri dituzte. Eskoriatzan, aldiz, salaketa proposamen bakarra jarri dute, eta Aretxabaletako udaltzainek ere adierazi dute jarri dituztela salaketa proposamen "gutxi batzuk", baina kopuruaz galdetuta ez dute datu zehatzik eman gura izan. 

Azpimarratzekoa da jarritako salaketa guztiak behin behinekoak direla; izan ere, behin salaketa proposamena jarrita Eusko Jaurlaritza arduratzen da prozesu administratiboarekin jarraitzeaz, eta beraz, azken honek du salaketa kudeatzeko eta isunaren kopurua zehazteko ardura.

Debagoieneko gainontzeko herrietan ez dago udaltzainik, eta beraz, aguazilak du zainketa lanak egiteko ardura; ez ordea, salaketak jartzekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak