Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak EAEko aldizkari ofizialean apirilaren 8an argitaratutako aginduaren bidez, alarma egoera bukatu arte debekatuta geratu ziren merkatu eta azokak. Bertan zehazten denaren arabera, "pertsonen joan-etorriak gutxitzea eta jende pilaketa saihestea" da neurriaren helburua.
Egoera horretan, Euskal Herriko 61 eragile ezberdinek haien desadostasuna erakutsi eta merkatu eta azokak berriz ere baimentzea exijitu dute ohar bidez, tartean dira Antzuolako Udala, Arrasate eta Bergarako Ereindajan edota EH Bildu. "Osasun saila erosleen eskubideak urratzen ari da bete-betean, baita baserritarrenak ere. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu EAEko udalerrietan elikagaiak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko merkatu eta azoka tradizional guztiak berriz ere irekitzea".
Oharrean aipatzen dutenez, osasun legeak "ez dio biderik ematen Jaurlaritzari" neurri orokor bat hartzeko : "Udal azokak lege aginduz zerbitzu publikoak dira eta hori balioan jarri behar da. Autobus garraioa ez da debekatu, esaterako. Zerbitzu Publiko horren titularra Udala da eta Osasun Sailak neurri zehatzak har ditzake, ez ordea debeku orokor bat".
Saltoki gune handiei kritika
Era berean, merkatu eta azokak debekatzeko irizpide berberak saltoki handietan ez ezartzea kritikatu dute: "Saltoki handietara joateko ez al da joan-etorririk egin behar? Barruan ez al da jende pilaketarik gertatzen? Nor ari da zaintzen saltoki horien barruan jendeak distantziak gordetzen dituen edota jendeak gutxieneko higiene-arauak betetzen dituen?".
Gaineratu dutenez, Jaurlaritzak eta Aldundiak ez dute "inolako harremanik" izan sinatzaileekin: "nahiz eta interlokuzioa eskatu, ez da horrelakorik egon, eta baserritarrak martxan jartzen ari diren ekimenetan, ez da inolako baliabiderik jartzeko laguntzarik eman, alderantziz, oztopatzen eta beste interes batzuk elikatzen aritu dira".
Adierazpena babesteko, hemen sinatu daiteke.