Gipuzkoako EHNEren ustez, koronabirusak sortutako alarma egoeran udalerrietako azokak irekita mantentzea "borondate kontua da". Hori horrela, azoken funtzionamendua baimentzea eskatu dute baserritarrek, segurtasun eta higiene neurriak errespetatu dezaketela uste dutelako. Gaineratu dute, merkatuak ixteak zuzeneko salmenta egiten duten baserritarren bizimodua baldintzatzen duela, eta, era berean, kontsumitzaileekin sortzen den harreman zuzena ere moztu egiten dela.
Hona hemen EHNEren adierazpena osorik:
"Aski da!! Azokak ez dira jolaserako eremua. Gaur Eusko Jaurlaritzak agindu bidez azokak debekatu ditu. Ez dauka hori egiteko eskumenik. Azokak Udalen eskumena dira eta osasun neurriak une honetan estatuaren eskumena. Zertara dator azokekiko horrelako tema?
Astelehenean Gipuzkoako EHNEtik azoken kudeaketaz arduratzen diren erakundeei dei egin egin genien zabalik manten ditzaten. Hainbat herritan, higiene eta protokolo zehatzek agindu bezala, neurriak hartu dituzte eta azokak bermatzeko gai izan dira, Ordiziako, Zumarragako edo Villabonako azokak kasu. Baserritarron aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu egindako ahaleginagatik. Gauzak nola egin daitezkeen erakutsi duzue.
Azokatan zuzeneko salmenta egiten dugun baserritarrok hala egiten jarraitzeko aukera nahi dugu. Bitartekaririk gabe gure produktuak saltzeko aukera izan nahi dugu. Zergatik debekatu nahi duzue? Katalunian onartu dituzte, baita estatu mailako beste hainbat herritan ere. Zergatik ez Euskal Autonomia Erkidegoan?
Beste behin ere errepikatuko dugu: zentzuak agintzen duen bezala, higiene eta segurtasun neurriak betetzeko prest gaude, guregatik eta denengatik. Merkatuak antolatzen dituzten udalak ere beraien aldetik berdina egiteko prest daude. Zergatik debekatu nahi duzue?
Baserritarrok gure produktuak saltzetik bizi gara. Egoera dagoeneko zaila baldin bada, ulergaitza bihurtzen da, beste oztopo bat jartzeko tema hori. Elikagaiak sortzen ditugu, herri hau elikatzeko konpromisoa dugu eta gure egiteko modua plazaratzeko beharra daukagu. Beste behin ere argi eta ozen esan nahi dugu, jakin badakigula, askok ez dutela hala egiteko aukerarik izango eta onartzen ditugula martxan jarri diren gainerako proiektuak, baina horiek ezin dutela azokatan saltzeko aukera debekatu. Azokek, salmenta zuzenak, herrietako elikagai denda txikiek, bertako produktuak komertzializatzen dela bermatzen duten guneak dira. Hauek denak ekonomia lokala indartzen dute, herritarron lanpostuak ere badira. Horrelako aginduekin ekonomia mota honen kontra egiten dute.
Aski da!! Zabalik manten itzazue azokak!"