ALBISTEAK

Iazko soberakinak aurtengo aurrekontuen osagarri izango dira

Mireia Bikuña 2020ko api. 11a, 08:15

2019ko aurrekontuetatik sobratutako diru poltsa erabili beharko dute udal gehienek, koronabirusak eragin dituen neurriei eta dirulaguntzei aurre egin ahal izateko; era berean, aurtengo proiektuetan eta inbertsioetan aldaketak egin beharko dituzte

Koronabirusaren ondorio batzuk agerian daude hasieratik. Bereziki, kutsatutakoen, sendatutakoen eta hildakoen kopuruak aintzat hartuta. Beste hainbat ondorio aurrerago ezagutuko dira. Bereziki, ekonomiari, diruari, langabeziari... erreferentzia egiten dietenak. Horietako bat izango dira 2020ko udal aurrekontuak. Herri gehienek onartuta dituzte aurtengorako partidak. Sarrerak, gastuak eta proiektuak. Hala, koronabirusak eragin zuzena izango du urte hasieran onartutako kopuru horietan. Are gehiago, Foru Aldundiak apirilaren 2an hartutako erabakiaren ostean. "Udal ordezkari guztiak egon ginen bilera hartan, eta esan ziguten Foru Funtsetik %25 gutxiago jasoko dugula aurten. Arrasateko Udalaren kasuan, lau milioi euro lirateke. Horrek, derrigorrean, aurrekontua moldatzera behartuko gaitu. Inoiz baino gehiago, zuhurtziaz jokatu beharko dugu", esan du Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak.

Era berean, esan du iazko aurrekontuetako soberakinak erabiliko dituztela COVID-19aren harira hartutako neurriak estaltzera: tasen eta zergen hobariak, Gurutze Gorriari laguntza, kiroldegiko bonuaren hobariak, erosketa bonuak.... "Zorionez, gure zorpetze maila 0 da, eta horrek asko laguntzen du", dio Ubarretxenak. Bide beretik egingo du Oñatiko Udalak. "Martxoan onartu genuen 2019ko likidazioa, eta iazko proiektu batzuk aurtengo aurrekontuan txertatu genituen. Gaur-gaurkoz, aurrekontu berarekin egingo dugu aurrera. Izan ere, 2019ko soberakina ia 2.600.000 eurokoa da, eta hori bideratuko dugu epe motzera zehazten ditugun laguntzetara", azpimarratu du Izaro Elorza alkateak. Dena den, Oñatin ere oso argi dute egunerokotasunak markatuko dituela udal jarduna eta udal proiektuak. "Malguak izango gara. Alarma egoera hasi zenetik, egunero gabiltza neurriak hartzen. Hangoak eta hemengoak aldatzen. Aurrerantzean ere, hori guztiori hartu beharko dugu kontuan. Ez gara zurrunak izango", esan du.

Malgutasun handiagoa

Osakidetzak osasun zentro berria egitea aurreikusten zuen Aretxabaletan. Horrekin zer gerta daitekeen da Aretxabaletako Udalak duen zalantzetako bat. "Adibide bat besterik ez da. Duda barik eragingo duela koronabirusak aurrekontuan. Foru Funtsetik milioi bat pasa euro gutxiago jasoko dugu. Diru asko. Zorionez, iaztik soberakina daukagu, eta poltsa horrek lagundu egingo digu. Baina, benetako egoera zein den jakin arte, zaila izango da hori guztiori kudeatzea", esan du Unai Elkoro alkateak.

Soberakinetatik tiratuko du baita ere Antzuolako Udalak. "Ez dakigu zenbateko sarrerak edukiko ditugun zerga kontzeptuetatik, baina badakigu Foru Aldunditik diru gutxiago jasoko dugula, eta egoera honek ondorio latzak ekarriko dizkiela herritarrei. Horrek guztiorrek urte hasieran planteatutako aurrekontua aldatu egiten du. Martxan zeuden lanak geratuta daude, eta epeak ezingo ditugu bete. Gure kasuan, badaukagu aurreztutako diru poltsa bat, hori erabili beharko dugu. Baina hori ere ezin dugu edonola eta edozertarako erabili. Arau batzuk daude. Nik malgutasuna eskatzen dut diru hori erabili ahal dezagun. Askatasun gehiago eman beharko ligukete", kontatu du Beñardo Kortabarria alkateak.

Erabaki zehatzak hartu barik

Bergarako udal aurrekontuetan lehentasunak aldatu beharko dituztela uste du Gorka Artola alkateak. "Koronabirusa gizarteko eta ekonomiako arlo asko gogor kolpatzen dabil; horregatik, egoera zailenean dauden familia eta pertsonak babestu eta herriko ehun ekonomikoa bultzatu beharko dugu. Argi dago beharrak aldatu diren moduan lehentasunak ere beste batzuk izan beharko direla". Elgetako eta Eskoriatzako udaletan ere badabiltza COVID19aren ondorioak aztertzen. Moldatu egin beharko dira. "Nekeza izango da aurten aurreikusita geneuzkan proiektuak aurrera ateratzea", uste du Iraitz Lazkanok. Bestalde, Joserra Zubizarretak dio "datu zehatzak" eduki arte ezingo dutela ezer erabaki. Arabako Foru Aldundiak oraindik ez du esan laguntzak murriztuko dituenik, eta horren zain daude Aramaion, aurrekontuak nola moldatu zehazteko.

Herrietako jai nagusiekin, zer?

Konfinamenduan sartu aurretik, ekitaldi jendetsuak debekatu zituen Espainiako Gobernuak. Apirilaren 26tik aurrera hasiko den normaltasunerako itzulera horretan jaiek eta ospakizunek zein baldintza edukiko dituzten jakitea ezinezkoa da. Baina bailarako herriek lanean dihardute euren jai nagusiak ospatzeko esperantzarekin. Erabaki zailena Bergaran daukate. Pazkoak maiatzaren 29tik ekainaren 2ra ospatu beharko lirateke. Oraingoz, ez dute erabaki zehatzik hartu. "Zaila izango da jaiak normaltasunez ospatzea. Baina lanean jarraitzen dugu, eta irizpideak argitzen joan ahala argituko da ospatzerik izango diren edo ez, edo zein mugarekin. Egoera hau guztiontzat berria eta oso aldakorra da", dio Artolak.

Antolaketan, aldaketak?

Egutegian hurrengoan sanjuanak eta sanpedroak dira. Arrasaten eta Eskoriatzan. "Badihardugu San Juan jaiak antolatu guran. Izan ere, ez dakigu nola egongo garen orduan. Era berean, ez dakigu zein baldintzarekin egin ahal izango ditugun jaiak. Hortaz, zirriborroarekin hasi gara, eta ostean, egunerokotasunak markatuko digu bidea", dio Ubarretxenak. Eskoriatzako sanpedroekin zer gertatuko den ezezaguna da baita udal arduradunendako ere. "Maiatzetik aurrera, Eskoriatzan, bailara osoan bezala, jai asko egoten dira, baina ez dakigu buelta nolakoa izango den", esan du Joserra Zubizarretak. Uztailean dituzte jaiak Aramaion eta Antzuolan, eta han ere arduratuta daude. Azken ordukoen zain. "Akaso, jaiak antolatzeko modua aldatu beharko dugu. Kanpotik ikuskizunak ekarri beharrean, auzolana bultzatu beharko dugu", dio Kortabarriak. Aretxabaletan oso baikor daude andramaixetarako. "Pentsa, uztailean, Portasolgo jaiak indartuko ditugu", esan du Elkorok. Irailerako, San Migel jaietarako, egoera "normaltasunaren barruan" egotea espero du Oñatiko alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak