HEMEN DEBAGOIENA

Arrasateko, Bergarako, Oñatiko eta Aretxabaletako alkateekin, udalak hartzen ari diren neurri ekonomikoez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko api. 7a, 19:20

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren osteko krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri batzuk hartzen ari dira Debagoieneko udalak. Alarma egoerak iraun artean udal zerga eta tasa batzuen kobrantza etetea edo atzeratzea erabaki dute gehienek eta osteko suspertzeko ekonomikorako neurri batzuk badituzte mahai gainean. Horien berri izateko, Arrasateko, Bergarako, Oñatiko eta Aretxabaletako alkateekin egon da GOIENA.

Nabaria da osasun krisi honek ekonomian ere eragin handia izango duela, oro har, eta baita udaletan ere, Foru Funtsetik jasoko duten dirua asko murriztuko delako, besteak beste. Dagoeneko horri aurre egiten saiatzeko hainbat neurri hartzen ari dira Debagoieneko udalak.

Guztiek hartu duten neurria da, esaterako, udal zergak eta tasak ordaintzeko epea atzeratzea, bakoitza bere berezitasunekin.

Arrasatekoak, esaterako, 930.000 euro inguru bideratuko ditu ekonomia berraktibatzeko. Besteak beste, komertzioei laguntzeko 350.000 euro izango dira. Komertzioetan edo autonomoetan gastatzeko 15.000 bonu aterako dituzte –iturgin, igeltsero, ile-apaindegiak, eta abar–, 30 euroko balioa izango dutenak. 10 euro erosleek jarriko dituzte eta gainontzeko 20 euroak, aldiz, Udalak. Bestalde, 25.000 euro jarriko dituzte herriko komertzioetan erosteko sentsibilizazio kanpaina baterako, eta, azkenik, 25.000 euro, kalean egingo diren kultur ekitaldi gehigarriak egiteko. "Kaleetan aktibitateak daudenean herriko komertzioek eskertzen dute", dio Maria Ubarretxena alkateak.

Bergaran, zerga eta tasenaz gain, ez dute neurririk hartu oraindik. "Lan-ildo inportanteak zabaldu beharko ditugu, eta egoerak sortu dituen eragin guztiei irtenbidea aurkitu. Baina ikusten dugu aztertu beharra daukagula oso ondo ze eragin edukiko duen honek udal baliabideetan eta udal antolaketan. Kanpora begirako erantzun horiek emateko orduan, beste administrazio batzuek egiten dituzten lanketa eta dirulaguntza lerroekin koordinatu beharko ditugu", adierazi du Gorka Artola alkateak.

Oñatiko Udalak ere tasak ez kobratzea erabaki du. "Urarena ez kobratzea ere aztertzen ari gara, baina, Gipuzkoako Urak partzuergoaren eskumena denez, haiekin harremanetan ari gara", dio Izaro Elorza alkateak. Bestalde, etxebizitza sozialen kobrantza eten egin dute. "Gero, kasurik kasu aztertuko ditugu, kobratu edo ez erabakitzeko".

Aretxabaletako Udalak, bestalde, bonu batzuk jarriko ditu komertzioendako, Gabonetan egin ohi duen moduan. "Baina oraindik ez daukagu zehaztuta. Asmoa da ahalik eta herritar gehienengana iristea, eta sektore ezberdinetarako bonu ezberdinak egitea ari gara aztertzen, oraindik ez dakigu. Hasieratik asmatzea zaila izango da; beraz, ikusten joango gara ea hileko bonu horrekin asmatzen dugun edo ez. Juridikoki forma ematea ez da erraza, eta ea Aste Santu osterako martxan jartzen ditugun", dio Unai Elkoro alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak