ALBISTEAK programa

Kuttuna, komertzio txikiei laguntzeko sortutako zerbitzua

Magnet kooperatibak Kuttuna izeneko zerbitzua jarri du martxan, ezohiko egoera honetan komertzio txikiei laguntzeko asmotan. "Merkataritza eta zerbitzu txikietan erabiltzeko bonu txartelak erosteko web plataforma bat da", azaldu du Amaia Guridik, sortzaileetako batek.

"Konfinamendua hasi zenean, pentsatzen hasi ginen ea nola lagundu genezakeen edo nola egin genezakeen gure ekarpena", dio Guridik. Soka horri tiraka etorri da Kuttuna. "Gura duen edozein merkatari erregistratu daiteke plataforman, eta erabiltzaileak ikusten du ze merkatari edo komertzio dauden erregistratuta. Beraz, erabiltzaileak bonu txartel bat eros diezaioke merkatariari, orain ordaintzen diona, eta behin konfinamendua bukatzean erabili ahal izango duena. Modu honetara, itxita dauden hilabete honetan jasoko dute dirua komertzioek. Hau da, herritarrek aukera izango dute merkatariei laguntzeko hilabete txar hau gainditzen", gaineratu du. Bonu txartelak 5 eta 200 euro artekoak izan daitezke, erabiltzaileak jarri gura duen diru kopuruaren arabera. 

Asteburu honetan publikatu dute aplikazioa eta dagoeneko zazpi komertziok eman dute izena: Bidebarrieta Fisioterapia zentrua (Oñati); Nagore Goñi argazkilaritza (Oñati); Informatika Bergara AulaXXI (Arrasate); IraMira (Oñati); CANDELUKA (Oñati); TA PUNTTU (Oñati); Mauxka jatetxea (Oñati) eta Kantue (Oñati). Beste batzuk, gainera, tramitatzen ari dira eskaera.

Informazio gehiago medium.com webgunean aurkituko duzue.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.