ALBISTEAK

Konfinamendu egoeran, positibismo bila

Mintzalagunak, berbalagunak, Barriketan… modu ezberdinetan deitu arren, Debagoieneko herri gehienetan euskara ikasi eta praktikatzeko taldeak daude osatuta. Hala ere, konfinamendu egoera honekin ezin dira batu, baina irtenbidea eman nahian, online ari dira biltzen taldeeetako partaideak, hala, orain arte moduan euskara praktitzeko, eta bide batez, teknologia berrien gainean gehiago ikasteko tartea hartzen ari dira.

Eskoriatzako Berbalagunek asteroko dinamikarekin jarraitzen dute, baina, egoera zein den ikusita, online batzartzen dira. Hala, joan den ikasturtetik hona galdutako talde bat berreskuratu eta, teknologia ardatz, galdera-erantzun jokoak ari dira egiten.

Zenbait talde daude Eskoriatzako Berbalagunetan, eta, asteko ordutegiari nolabait jarraituz, batzen jarraitzen dute bidelagun eta bidelariek, euskaraz hitz egiteko. Konfinamendu egoera honekin, gainera, sare sozialen bueltan gehiago ikasteko ere aukera eman dietela adierazi du Iratxe Arrese Eskoriatzako Berbalagunak Taldeko koordinatzaileak.

"Hangouts, Jitsi Meet eta Whatsapp aplikazioak erabiltzen ari gara egunotan, dinamika berriarekin. Lau talde ditugu martxan, gaur-gaurkoz: pintxopoteko taldea, batetik, eta beste hiru kafe taldekoak direnak, bestetik. Ikasturtean zehar izan ditugun orduak mantentzen saiatu gara, baina, ia guztiok etxean gaudenez, oso ondo moldatzen gara denok batzeko eta ordu aldaketaren bat edo beste egiteko, gainera, ez dugu arazorik, zorionez".

Talde bat berreskuratu

Iazko ikasturtetik hona Berbalagunak talde bat desagertu zen, bertako partaideen lan erreleboak zirela-eta, ordutegi arazoengatik. Hala ere, konfinamendu egoera honetatik zerbait positiboa atera dutela ere gaineratu gura izan du Arresek: "Talde honek ez du jarraitu ikasturte honetan, baina momentu honetan egoera honek ahalbidetzen duenez, online batu eta berriketan aritzeko tartea hartzen dugu".

Hitzen jokoa, fruituak ematen

Egunotan teknologia berriekin aritzeko eta ikasteko tartea ere hartzen ari direla gaineratu du Eskoriatzako Berbalagunak taldeko koordinatzaileak, eta adierazi du taldeetako partaideez gain sare sozialetako jarraitzaileak ere parte hartzen ari direla egitasmo berrian: "Egunotan, online batzen garenean zenbait hitz ateratzen dira gure elkarrizketetan. Bidelariek, euskaldun zaharrek, erabiltzen dituztenak: txoleta, larua, garbaixa, aittejaune… halako hitzak. Hala, horiek erabiliaz jarritako esaldia osatu behar dute partaideek, eta arrakastatsua ari da izaten".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.