ALBISTEAK

Martxoan, ia 11.000 langabe gehiago EAEn, eta Debagoienean, 207

Xabier-Urzelai 2020ko api. 2a, 14:33

Covid-19 pandemiaren eragina agerian geratu da, lehenengoz, Euskal Autonomi Erkidegoko lan merkatuan. Osasun krisiaren ondorioz EAEn 10.974 langabe gehiago daude, eta bereziki zerbitzuen alorrean izan du eragina, ia 8.000 lagun geratu dira lan barik. Debagoienean, azken hilabetean, 207 lagunek galdu dute lanpostua.

Lurraldeei erreparatuz, hiru lurraldetan egin du gora langabeziak:  % 10,91 igoera izan da Araban, % 9,90 Gipuzkoan eta % 8,66 Bizkaian. Lanbideko Zerbitzu Orokorren zuzendari Nestor Aranak eman du horren berri.

Debagoienean ere izan du eragina, otsaileko datuekin alderatuta Debagoienean 207 langabe gehiago daudelako. Langabezia tasaren igoera, berriz, hiru lurraldeetakoa baino zertxobait txikiagoa izan da, %7,83koa. Guztira 2.644 langabe daude Debagoienean.

Datuak herrika aztertuta, salbuespen barik, herri guztietan egon da igoera langabezia datuetan.

Herriak Zenbat langabe gehiago martxoan Langabeak guztira Langabezia tasa (%)
Antzuola 2 60 5,40
Aramaio 3 18 2,38
Aretxabaleta 17 234 6,81
Arrasate 79 1.175 11,26
Bergara 63 589 8,15
Elgeta 5 39 6,76
Eskoriatza 18 152 7,48
Leintz Gatzaga 1 4 2,90
Oñati 19 373 6,86
Debagoiena 207 2.644 8,49

44 urtetik beherakoak eta gizonezkoak

Egungo krisiaren eragina martxoaren 12an, ostegunean hasi zen nabaritzen langabeen erregistroan. Ordura arte, ordea, joera positiboa zen. Langabeziaren hazkundea nabariagoa izan da 44 urtetik beherakoen artean. Generoei erreparatuz, aldiz, krisiaren eragina gizonen artean da nabariagoa (% 11,85), emakumeen artean baino (% 7,43). Hala, Nestor Aranak nabarmendu du Lanbidek ildo eta plan berriak prestatu dituela, kontratazioa gazteen artean eta beste talde batzuen barruan sustatze aldera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak