ALBISTEAK

Indarkeria matxista jasaten dutenei laguntzeko 'Maskara-19' kanpainarekin bat egin dute farmaziek

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 31a, 17:00

Alarma egoeraren ondorioz ezarritako konfinamenduan indarkeria matxista jasaten dabiltzan edo jasan dezaketen emakumeei laguntzeko Maskara 19 kanpaina jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta harekin bat egin du Gipuzkoako Botikarien Elkargo Ofizialak. Ekimenari aste honetan bertan ekin diote.

Gipuzkoan dauden 286 botiketako edozeinetara jo ahal izango dute emakumeek laguntza eske. Eskaera hori era oso diskretuan egin ahal izango dute, gainera, botikako langileari "Maskara 19" berbak esanda, hain zuzen ere: "Indarkeria matxista zein eraso sexuala jasan duela adierazten duten hitz gakoak izango dira horiek". Farmaziako langileek orduan, babes eta harrera protokoloa abiaraziko dute, behar izanez gero Aldundiko zein Udaleko zerbitzuei jakinaraziz. Gainera, anonimotasuna zainduko dutela uneoro diote, bai laguntza eskatzailearena, bai babesa eman dion botikarena.

Ekimen horrekin indarkeria matxistan jasaten dabiltzan emakumeendako beste bide bat zabaldu gura izan dute. Dena den, orain artekoek abian jarraituko dutela jakinarazi dute, hau da, Gipuzkoan, 900 840 111 telefono zenbakia.

Osasun alorreko langileak

Gipuzkoako Botikarien Elkargo Ofizialeko presidente Miguel Angel Gastelurrutiak adierazi du konfinamenduak indarkeria matxista kasuen kopurua hazi egin dezakeela eta botikariek "laguntza handia" eman dezaketela halako egoera batean: "Farmazia ezinbesteko zerbitzua da eta edonork jo dezake hara alarma egoeran ere; horregatik, komunikazio eta babes bide berri honekin lagundu egin genezakeela uste dugu". Era berean, gogorarazi du botiketako langileak osasun eta zerbitzu sozialen alorreko langileak direla eta halako arazo baten aurrean " oso sentiberak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak