Bideo-deia: telelanerako ezinbesteko tresna

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mar. 31a, 08:07

(Argazkia: Unplash)

Telelanerako baina baita sozializatzeko ere, funtsezko bilakatu dira azken asteotan bideo-deietarako erremintak. Merkatuan nahi beste aurki daitezke eta guztiek nabaritu dute gorakada handia COVID-19az geroztik.

Hangouts, Meet, Jitsi, Skype, Whatsapp, Zoom, FaceTime, Google Duo, Instagram... batzuk ezagunagoak eta beste batzuk ez hainbeste, baina guztiak bilakatu dira bidelagun berrogeialdian. Aplikazio perfekturik ez da egongo ziurrenik, baina existitzen diren aukeren arteko ezberdintasunak ezagutzea lagungarria izan daiteke. Jarraian doako aukera horietako batzuk sakonago aztertzen dira: 

Jitsi Meet ziurrenik publiko zabalenarentzako ez da besteak bezain ezaguna izango, baina azken egunotan indarra hartzen ari da, bereziki software librearen aldekoek bultzatuta. Taldekako bideo-deiak egiteko aukera ematen du eta edonork sortu dezake bilera bat. Gainera, ez du erabiltzaile bat sortzea eskatzen, nahi izanez gero aukera eskaintzen badu ere. 

CodeSyntax-eko langileak enpresaren 20. urteurrena ospatzen martxoaren 27an. Argazkia: CS

Webgunean deia hasteko aukera klikatu behar da eta bilerari izen bat eman. Hori izango da bileraren url-a eta horren bidez batu daitezke gonbidatuak. Pantaila edo dokumentuak partekatu daitezke eta eskua altxatu –raise your hand– aukera interesgarria dauka, adibidez pertsona askoko bileretan hitz egiteko baimena eskatzeko. Mugikorrarekin zein ordenagailuarekin erabili daiteke.

Bideo-deia grabatzeko aukera ere eskaintzen du, baina beste aplikazioetan ez bezala, Jitsik Dropbox-era lotzea eskatzen du, bideoa han artxibatzeko. Bestalde, Youtuben zuzeneko baten bidez partekatzeko aukera ere eskaintzen du, horretarako, noski, Googleko saioa hasi behar da. 

Erabiltzaileen pribatutasuna gehien errespetatzen duena Jitsi da. Euskaratu daitekeena eta etorkizunean ere euskaratuta jarraituko duela ziurtatzen duen bakarra.

Zoom aplikazioak Jitsiren antz dezente dauka itxura aldetik, eta hazkunde handia izan du azken asteotan. Hala ere, baditu Jitsirekin alderatuta baditu ezberdintasun batzuk. Programa erabiltzeko ez da derrigorrezkoa erabiltzaile bat erregistratuta izatea, baina bai bilera sortzeko. Ez da software librekoa eta gehienez 100 pertsonako bideo-deiak onartzen ditu. Gainera, doako bertsioan 40 minutura eten egiten da deia, berri bat sortzeko aukera baldin badago ere. 

Zoom-en doako bertsioan 40 minutura eten egiten da deia

Jitsin bezala, txanda eskatzeko eskua altxatzeko aukera eskaintzen du. Nahi izanez gero, bilerako deialdiari pasahitz bat jartzeko aukera ere badu. Pertsona askoko konferentzian, partaide guztiak pantaila bakarrean ikus daitezke. Aplikazio honek bilera grabatzeko aukera ere eskaintzen du eta mota askotako dokumentuak partekatu daitezke bertan. 

Argazkia: blog.zoom.us

Whatsapp izango da erabiltzaile askorentzat aukera azkarrena, eta baliteke teknologiarekin abilezia handirik ez dutenentzat aukera errazena izatea; baina era berean, mugatuenetako ere bada. Gehienez, lau pertsonen arteko bideo-deiak onartzen ditu eta soilik smartphonean erabili daiteke. Whatsapp web bidez ez du funtzionatzen. Bestalde, mugikorrean kanpoko dei bat sartzen denean bideo-deia eten egiten da. Instagrameko bideo-deiak ere Whatsappekoaren berdin funtzionatzen dute.

Argazkia: Whatsapp

Hangouts eta Meet sarri nahastu egiten dira

Googlerenak diren Hangouts eta Meet sarri nahasten diren beste bi aukera dira. Googlerenak izanik, erabili ahal izateko ezinbestekoa da Google kontu bat izatea. Meet lanerako dago pentsatuta, eta beraz, enpresa edo hezkuntza kontu bat –Google Suite– ez duenak ezingo du Meet bidez bideo-dei bat egin. Baina konferentzia batzeko ez da derrigorrezkoa Google Suite kontua izatea.

Bideo-dei bat sortzeko Meet aplikazioaren hasierako orrialdea, Google Suite kontu batekin sartuta.

Bideo-deia egiteko Hangoutsek erakusten duen orrialdea.

Google Calendar bidez konferentziarako hitzordu bat zehazten denean garbi ikusten da bi sistemen arteko ezberdintasuna. Enpresa edo hezkuntza kontu batekin eginez gero, Meet bidezko url-a erakusten du, eta aldiz, doako kontu batekin egiten bada hitzordua Hangoutseko lotura ematen du. Hala ere, aurrez esandako moduan, diferentzia horrek hitzordua edo bideo-deia sortzen duenari eragiten dio, eta ez gonbidatuei. Hori bai, mugikorrarekin konektatuz gero, jasotako gonbidapen motaren arabera, erabiltzaileak Meet edo Hangouts aplikazioa izan beharko du deskargatuta. 

Bi kasuetan bideo-deiarekin bat egiteko hainbat aukera daude, aurez esandako Calendar hitzordua, zuzeneko gonbidapena posta bidezko lotura batekin edo baita kode baten bidez ere. Meet erabiltzen bada gainera, telefono dei bidez ere egin daiteke bat bilerarekin, hitzorduan zehazten den zenbakira deituz. 

Bestalde, Meet erabiltzen bada bideo-deia grabatzeko aukera dago, baina Hangoutsekin ez.

Skype bideo-deiak egiteko aukera eskaintzen duen programa ezagunenetarikoa izan da urte askoan, eta kalitate ona eskaintzen badu ere, azken urteetan lekua galtzen joan da. Doako bertsioan, bideo-deietarako hamar pertsonako muga dauka; horrez gain, programa deskargatu behar da eta erabiltzaile bat sortu behar da. 

Goiena eta Nerea Mendizabalen arteko Skype bidezko bideo-deia martxoaren 29an.

Konparaketa taula

Izena Testu-txata Pantaila partekatu Ordenagailu/Mugikor Pertsona kopurua Euskaraz Software librea
Jitsi Bai Bai Biak Mugarik gabe Ez Bai
Zoom Bai Bai Biak 100 Ez Ez
Whatsapp Ez Ez Mugikorra 4 Ez Ez
Meet Bai Bai Biak 100 Bai Ez
Hangouts Bai Bai Biak 25 Bai Ez
Skype Bai Bai, kasu gehienetan Biak 10 Ez, baina jarri daiteke Ez

Jolaserako

Aukera berezi moduan, Houseparty aplikazioa aipatu beharra dago. Deskarga mordoa lortu ditu azken egunetan, izan ere bideo-deiak egiteaz gain, lagunartean jolasteko hainbat aukera eskaintzen ditu. Lanerako ez da erreminta aproposena izango, baina interesgarria izan daiteke entretenimendurako. 

Gehienez lau pertsonako deiak onartzen ditu eta erabiltzaileek izen eta pasahitz konkretu bat izango dute sarbide gisa. Eskaintzen dituen jolasen artean daude: Pictionary, Tribial, Nor da Nor eta Chips and Guac. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak