Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, oinarrizkoak diren enpresetako langileek akreditazio berria eraman beharko dute beraiekin ertzaintzaren eta udaltzaingoaren aurrean laneko joan-etorriak justifikatzeko.
Era berean, osasun-larrialdiko egoeran agintaritzari ez obeditzearen ondorio diren lehenengo 250 zehapen-espedienteak zabaldu ditu. Izan ere, martxoaren 16tik 29ra bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziek 8.524 salaketa jarri dituzte: Ertzaintzak, 4.432 eta udaltzaingoek 4.092.
Salaketa gehienak Bizkaian izan dira, hala, 4.345 salaketa jarri dira; 2.178 ertzaintzak eta 2.167 udaltzaingoak. Gipuzkoan 2.841 salaketa; 1600 ertzaintzak jarri ditu eta 1.241 udaltzaingoak. Eta Araban berriz, 1.338 salaketa zenbatu dira; 654 ertzaintzak jarritakoak eta 684 udaltzaingoak.
Gaur osasun-larrialdiko egoeran agintaritzari ez obeditzearen ondorio diren lehenengo 250 zehapen-espedienteak zabaldu dira eta horietako bakoitza 602 eurokoa da. Espedientea hasi zaion pertsonak isuna jakinarazpena jasotzen duen egunetik zenbatzen hasi eta 15 eguneko epean ordaintzen badu, zenbatekoa %50 murriztu daiteke.