HEMEN DEBAGOIENA

Ilusioz egindakoa, bertan behera

Xabier Urtzelai 2020ko mar. 27a, 12:00

2020ko kirol hitzorduen egutegiak muturreko galanta jasoko du –gainontzeko arloek moduan– koronabirusaren erruz. Astean albiste izan da Olinpiar Jokoak 2021era atzeratuko dituztela, eta, ibarrera etorrita, baliabide txikiekin baina ilusio galantarekin antolatzen dituzten hitzorduetan ere eragin handia izango du honek guztiak.

Hala, birusak izan zezakeen eragina txikitzeko hartutako neurriek bete-betean harrapatu zuten duela bi aste Aramaioko mendiko bizikleta opena –martxoaren 15ean– eta joan den asteburuan beste horrenbeste gertatu zen Antzuolan antolatu behar zuten Uzarragako txirrindularitza igoerarekin. Bertan behera geratu dira lasterketa horiek, eta ez dira bakarrak izango. Bihar, zapatua, Oñatiko duatloiaren 28. edizioa ziren egitekoak, eta domekan egin behar zuten amateur mailako ziklismoak duen hitzordu handi horietako bat: Gorlako Igoera. Bada, oraingoz, inork ez du dortsalik jantziko.

ANDONI CORREAS, OÑATIKO DUATLOIKO ANTOLATZAILEA: "Datorren urtean ilusio berberarekin itzuliko gara, zalantza barik"

"Penaz hartu genuen lasterketa bertan behera uzteko erabakia, baina ez genuen inolako zalantzarik izan. Etxeko logelan ditut kartelak, lasterkariendako oroigarriak, poltsak, helmugako zinta... Dena geneukan prest", dio Oñatiko duatloiko antolaketa taldeko kide Andoni Correasek. Aurten, gainera, hainbat berritasunekin zetorren lasterketa eta ilusio berrituarekin zeuden antolaketa taldeko kideak: "Beste lasterketa batzuk atzeratu egingo dituzte, baina, egia esan, guk ez genuen ikusten horretarako aukerarik, bestela ere zailtasun handiak izaten ditugu-eta zirkulazioa mozteko baimenak lortzeko".

Iazko Oñatiko duatloiko irteera; Irene Loizate eta James Michael Teagle izan ziren txapeldunak. Argazkia: Imanol Soriano.

Izan ere, hori izan zen duela bi urte lasterketa ez antolatzearen arrazoi nagusia. "Baina urtebeteko geldialdiaren ondoren, iaz ikusi ahal izan genuen lasterketa ostera ere antolatzeko kapaz izan ginela –2018an gaztetxoen proba bakarrik egin ahal izan zuten–, eta datorren urtean ere indar berberarekin bueltatuko gara. Noski, honek galera batzuk ekarriko dizkigu, baina ez dugu uste orain denik momentua horri bueltan ematen hasteko. Antolatzaile ikuspuntutik baino herritar ikuspuntutik orain lehentasuna egoera hau ahalik eta ondoen gainditzea da, eta gero gerokoak".

ION UNAMUNO, LOKATZA ZIKLISMO ESKOLAKO PRESIDENTEA: "Gorlan gazteen eta amateurren proba egin behar genuen batera"

"Pena handia hartu dugu eta oraindik ez dakigu lasterketa egin ahal izango dugun ala ez; gu, behintzat, saiatu egingo gara 2020ak Gorlako Igoera izan dezan", dio Ion Unamunok. Gainera, aurten Lokatzakoek berritasun politak zituzten domekako lasterketara begira, gazte mailakoek amateurrekin batera lehiatu behar zuten: "Gauza berria zen guretako, ez da batere erraza bi lasterketa batean antolatzea, jende gehiago behar duzulako lasterketa antolatzeko, eta zirkulazioa mozteko baimenak emateko orduan oso zorrotzak izaten direlako. Baina federazioekin adostuta geneukan dena, gazteek eta amateurrek batera lehiatu behar zuten, nahiz eta egin beharreko distantzia ez zen berbera, noski. Bada, oraingoz, bertan behera geratu da dena". Hala ere, aurreratu moduan, Unamunok ez du esperantza galdu: "Babesleekin konpromisoak ditugulako, eta tristea izango litzatekeelako ziklistei aukera hori ez ematea. Baina, oraingoz, ez dakigu noiz bueltatuko diren lasterketak, eta ikusi egin beharko da egutegian denondako lekurik egongo ote den".

Aldro taldeko Edu Llacer, 2017ko Gorlako Igoeran, helmugan. I.S

Gorlakoa ez da Lokatzak antolatzen duen hitzordu bakarra: "Apirilaren amaieran eskola mailako lasterketa dugu, baina hori errazagoa da antolatzeko, eta hurrengo hitzorduak ekainean ditugu: ekainaren 13an egingo dugu San Antonio lasterketa eta ekainaren 26an izango da San Martzialgo Igoera, Emakumezkoen Bergara Hiria saria. Eta espero dugu horiek, behintzat, normaltasunez antolatzea". Eta amaitzeko, lasterketak antolatzearekin batera Lokatzak hainbat txirrindulari ditu kategoria ezberdinetan banatuta: "Gaztetxoak arrabola egiten dabiltza egunotan, eta garbi dago bizikleta gaineko bizitasuna galdu egingo dutela. Baina mantentze lan horretan jardun beharko dute, eta lan horretan konstanteak izan beharko dute".

GANIX LASA, MONDRAITZ KIROL KLUBEKO KIDEA: "Ez dugu erabaki Arrasate-Udalatx atzeratu edo bertan behera utziko dugun"

"Orain momentuan, gure lasterketa airean dago", dio Mondraitzeko kide Ganix Lasak. Alarma egoera ezarri aurretik erabaki genuen Arrasate-Udalatx ez genuela apirilaren 5erako antolatuko, baldintzak ez zirelako batere egokiak, eta ondoren, egoera gaiztotzen eta zatartzen joan da". Hala, Mondraitzeko lagunek orain momentuan duten lehentasuna da 2020ko egutegian data berri bat bilatzea: "Oraingoz, ez dugu ezer garbirik, ikusiko dugu egun hori uda aurretik izango den, ala uda ondoren; izan ere, erabaki hori ez dago Mondraitz Kirol Klubaren esku soilik. Babesle eta antolatzaileekin hartuemanetan gaude, boluntarioekin, baina egia da konfinamendu egoera honek ere ez duela askorik laguntzen. Ikusiko dugu zer den egokiena".

Ane Zabala arrasatearra, 2018ko edizioan helmuga lehen postuan gurutzatzen. I.S.

Hala ere, Lasak aitortu du erabakia edozein dela ere Mondraitzeko lagunak lasai daudela; izan ere, babes handia jaso dute: "Apirilaren 5ean lasterketarik egongo ez zela adierazi genuenean, lehen aipatutako babesleen eta laguntzaileen berotasuna iritsi zitzaigun, boluntario taldeena... Eta lasterkariek eurek ere mezuak helarazi zizkiguten animoak eta babesa eskainiz. Horrenbestez, egun zailak dira guztiondako". Hala, Mondraitzekoak kontziente dira beste antolatzaile asko euren egoera berberean daudela: "Halaxe da, batzuek dagoeneko erabaki dute lasterketa uda ostera pasatzea, eta beste batzuek zuzenean erabaki dute aurtengo edizioa bertan behera uztea. Guk ez dugu Arrasate-Udalatxendako halakorik nahi, aurtengo edizioa antolatzeko lanean dihardugu".

PABLO AREJOLALEIBA, ALOÑAKO IGOERAKO ANTOLAKETA TALDEKO KIDEA: "Erabaki dugu lasterketa irailaren 12ra atzeratzea"

Arrasate-Udalatx lasterketa baino hiru aste geroago ziren Aloñako Igoera antolatzekoak, apiril amaieran, eta Pablo Arejolaleibak aitortu du hasieran lasaitasunez hartu zutela dena: "Hasierako neurriak ez ziren horren gogorrak eta uste genuen lasterketa antolatu ahal izango genuela. Baina kontua ez da bakarrik konfinamendu egoera lasterketaren egunera arte-edo ez luzatzen dutenik, jendea etxetik irten ezinda dago, eta gauza bat da gorputza gutxi gorabehera aktibo mantentzea eta beste bat da Aloñako Igoera moduko proba bat baldintza horietan prestatzea". Hori ikusita, Aloñako Igoerako antolaketa taldea egun berri baten bila hasi zen: "Irailaren 12a aukeratu dugu, jakinda sasoi horretan herrian ospakizun asko izaten ditugula. Hain zuzen, hori da kontuan hartu genuen lehenengo kontua, herrian data horretan ea beste kirol hitzordurik ba ote zegoen. Eta bai, seguru auzoren bateko jaiak izango direla, sanmartinak edo Bidebarrietakoak, baina ez dugu beste aukerarik, egutegia mendi lasterketaz josita dago eta".

Iban Letamendi, iazko Aloñako Igoeran, erretratuan Urtiagainetik gertu.

Izan ere, lasterketa 2021era atzeratzea ez zen batere aukera ona: "Talde batzuk neurri hori hartzen dabiltza, baina, gure kasuan, kalte handia egingo liguke. Dortsal guztiak [300] salduta ditugu dagoeneko, oroigarriak erosita, aurrelan guztia egina dugu, kontratatu beharreko zerbitzuak... Gastu handiak asumitu beharko genituzke. Horrenbestez, lasterketa irailaren 12ra atzeratzea erabaki dugu, eta ikusiko dugu orduan egoera zein den. Eta irailean ere ez bada posible lasterketa antolatzea, bada, datorren urterako utziko dugu eta emango diogu buelta egoerari".

Oñatiarrak, baina, baikor dira irailera begira: "Korrikalariak lasterketa gosez daude eta euren animo mezuak jaso ditugu, nik uste dut gehienak irailean animatuko direla lasterketa egitera. Oso tristea izango litzateke lasterkariei Aloñako lasterketa egiteko aukerarik ez ematea, pena emango liguke; izan ere, Aloñako Igoera lasterketa maitatua da korrikalarien artean. Datozen asteotan erabakiko dugu izen ematearen kontua zelan egin; hau da, egun batzuk eman atzera botatzen direnei dirua itzultzeko, eta hutsik geratu diren dortsalak ostera banatzeko. Ikusiko dugu hori zelan egin, erabakitzeke dugu oraindik".

MARTIN ARRIOLABENGOA, ARAMAIOKO MENDIKO BIZIKLETA OPENEKO ANTOLATZAILEA: "Federazioarekin egon behar dugu, ea posible den aurtengoa antolatzea".

Koronabirusaren konfinamenduak bete-betean harrapatu zuen Aramaioko lasterketa, martxoaren 15ean ziren-eta egitekoak Araban dagoen Openeko mendiko bizikleta lasterketa bakarra. Aste barruan, egun batetik bestera geroago eta itxura txarragoa zuen egoerak, eta eguenerako federazio guztiek bertan behera utzi zituzten kirol hitzordu guztiak. "Ekonomikoki galeraren bat izan dugu, bai, baina ez da nabarmentzeko moduko kontua izan, kontratatutako zerbitzu asko bertan behera utzi ahal izan genituen eta", dio Martin Arriolabengoak.

Aramaioko Openeko irteeraren unea, iazko edizioan.

Hala, aramaioarrak ez du amorerik ematen, oraindik ez dute erabat baztertu aurten lasterketa egin ahal izatea: "Baina Federazioarekin berba egin behar dugu lehenengo, ea egunik badagoen ikusi eta ea guri ere interesatzen zaigun eurek ematen diguten data horretan lasterketa antolatzea. Pentsa abuztuan esaten digutela, adibide bat ematearren. Izan ere, irailetik aurrera uste dugu egutegia oso beteta egongo dela". Hala ere, aurtengo lasterketa bertan behera utzi behar izanez gero ere Arriolabengoak ez du uste horrek lasterketaren desagerpena ekarriko zukeenik: "Azken batean, bi pertsonak hartzen dugu lasterketa antolatzearen ardura, eta gu aspertzen ez garen bitartean Aramaion mendiko bizikletako lasterketa egongo da. Azken batean, urteko errutinen artean Openeko proba antolatzea oso barneratuta daukagu; horrenbestez, aurten egiten ez badugu ere, datorren urtean egongo da lasterketa, hori ez da arazoa. Hori bai, gu aspertzen garen momentuan... Ea herrian gazteen artean erreleborik badagoen".

XABIER ZABALETA, GORLA RACING TALDEKO KIDEA: "Orain momentuan, 'pause' botoiari sakatu diogu"

Maiatzaren 23an egingo dute automobilismo probetan Euskal Herrian erreferenteetako bat den Gorlako Igoera. Berez, konfinamenduak ez du horren luze joko, nahiz eta inork ezin duen ezer aurreratu. Baina lasterketetako antolatzaile diren Gorla Racing taldeko lagunek ez dakite proba antolatu ahal izango duten ala ez. "Orain momentuan, pause botoiari sakatu diogu", dio Xabier Zabaletak. "Federazioko ordezkariekin jarri gara harremanetan eta eurek ere ez dute erantzunik. Hau guztia amaitzen denean batzartuko direla eta jarriko direla gero gurekin harremanetan, horixe esan digute". 2020ko egutegiari dagokionez, Gabiriako lasterketa da egin ahal izan duten bakarra. "Goierriko rallysprinta, Aiako Igoera, Opakuako Igoera... Horiek guztiak dagoeneko bertan behera geratu dira, eta lasterketak atzeratzekotan, noiz egiteko? Badago egunik guztiondako?", dio Zabaletak.

Gorlako Igoeran, iaz, autoak bigarren txanda hasteko goitik beherako bidean.

Eta ez dira lasterketa horiek bakarrik, bertan behera geratu dira-eta Urnietako eslaloma, Bakioko eslaloma, Azpeitiko rallysprinta... Eta bergararrak garbi dauka uda ostean ez dela guztiondako lekurik egongo: "Nahiko zail ikusten dut, egia esan; izan ere, nork izango du preferentzia egunak erabakitzeko orduan? Zelan antolatuko dute hori guztia, egutegiko ordena errespetatuz? Ez dakit, horrelako galderak etortzen zaizkit burura, eta gai iskanbilatsua izan daiteke, buruhausteak izango ditu Federazioak". Gorla Racing taldeko lagunek aurtengo lanak hasita izan beharko lituzkete.

Hala, Zabaletak aitortu du otsailero bizpahiru laguni galdera berbera egiten diela: "Badago aurtengoa antolatzeko potrorik?". Bada, baiezkoa jasota hasten dituzte antolaketa lanak, eta orain ziren babesleei ate-joka hastekoak: "Baina ez dakigu aurtengoa egingo dugun, hori da egia. Honek, baina, ez du etorkizunean lasterketa arriskuan jarriko, saltsa hau gustatzen zaigu eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak