ALBISTEAK

Selektibitatea atzeratuta, jakinarazpen ofizialaren zain

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mar. 24a, 15:26

Koronabirusak sortutako egoera dela eta ikasleek ezin dute aurrez-aurreko eskolarik jaso eta horrek izan ditzakeen eraginak kontuan hartuta, atzeratzea erabaki dute selektibitatearen data. Hala, irakasleak eta ikasleak on-line ari dira egoerari aurre egiten, erabaki baten zain.

Unibertsitatera sartzeko proba edo Selektibitatea atzeratu egin zaie Batxilergoko ikasleei. Koronabirusak sortutako egoera dela eta ikasleek ezin dute aurrez aurreko eskolarik jaso eta horrek izan ditzakeen eraginak kontuan hartuta atzeratzea erabaki dute selektibitatearen data. Bigarren batxilergoan diharduten estatuko 300.000 ikasleri eragingo die horrek. 

Data berria oraindik ezarri barik dago, eta ofizialki ez dagoenez adierazpenik, irakasleak zein ikasleak zain daudela egoera berezi honetan adierazi du Mikel Egiguren Arizmendiko arduradun pedagogikoak: "Jakinarazpen ofiziala da Selektibitatearen data atzeratu egingo dela. Oraindik ziurgabetasun egoera dela-eta, hori da momentuz dakiguna, baina, datak jakinaraziko dizkigutela esan digute. Ekainaren bukaeran edo uztailean izango den ere esan dute komunikabideetan, baina, zain gaude zer adieraziko".

Ikasleak kezkatuta

Selektibitatea egin behar duten ikasleek asko dute jokoan, eta egunotan on-line ari dira ikasleak lanean. Hala ere, kezkatuta daude selektbitatea atzeratzeaz batera, baldintzak ere aldatuko ote diren: "Egoera honek udako zati handi bat kenduko digu eta ikaste prozesua luzatzea ez da inoren gustuko izan. Unibertsitateko matrikulazioak, bestalde, nola, noiz… egin behar ditugun kezka ere badago. Hala ere, egoerari aurre egiteko on-line ari gara klaseak jasotzen, eta hori da bidea. Hala ere, kontzeptuak ez ditugu berdin jasotzen, eta pazientzia  hartu beharko dugu", adierazi du Eider Egaña Batxilergoko ikasle oñatiarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak