ALBISTEAK

Espainiako Gobernuak zenbait neurri ezarri ditu langile autonomoentzat

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mar. 18a, 16:46

Espainiako Gobernuak zenbait neurri ekonomiko eta sozial dituen dekretua onartu du Koronabirusari aurre egiteko. Hain zuzen ere, 200.000 milioi euro erabiliko dituzte, ekoizpenari eta ekonomiari eusteko. Langile autonomoei dagokienez, hilabeteko kuotak ordaintzen jarraitu beharko dute, eta ERTE-a eskatzea dela irtenbidea adierazi du Zenbaki enpresako Naiara Mendibil abokatuak.

Martxoaren 14ko Errege Dekretuaren ondorioz, negozioa itxi behar izan duten langile autonomo eta negozio daude, eta horientzat zuzendutako neurriak hainbat dira. Ministroen Kontseiluak, atzo, onartu zituen langileak kaleratu beharrean aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ERTE) jasotzen dituzten enpresei kotizazioak ordaintzetik salbuestea; neurri horrekin enpresen finantza-kargak arintzea asmoa izanik. 

ERTE guztiak ezinbesteko kasuetan egindakotzat joko dira, eta kaltetutako langile guztiek langabezia kobratzeko eskubidea izango dute, horretarako eskatzen den gutxieneko kotizazio aldia bete ez arren. Gainera, ez da kontsumitutzat joko prestazio hori jasotzen emandako denbora (zeroko kontagailua).

Dekretuak, gainera, telelana bultzatzen du, eta langileei beren ardurapeko pertsonak zaintzeko lanaldia egokitu edo murrizteko aukera emango die, eta posible izango da lanaldia % 100 murriztea. Pedro Sanchez presidenteak aurreratu zuenez, autonomoek jarduera uzteagatiko prestazioa jasotzeko aukera malgutuko da, eta langabeziara doazen autonomoei kotizazioak ordaintzetik salbuetsiko da.

Hilabeteko kuotak ordaintzen jarraituz

Besteak beste, langile autonomoek hilabeteko kuotak ordaintzen jarraitu beharko dutela da azpimarratzekoena, eta horren aurrean, irtenbidea ERTE-ak eskatzea dela adierazi du Naiara Mendibil Zenbakiko enpresako abokatuak:

"Autonomo ezberdinak daude; negozio batzuk itxi behar izan dute, beste batzuk, ez dute behar hori, baina itxi beharra izan dute egoera honengatik. Egunero aldatzen doaz gauzak, baina, atzo jarritako neurrien gainean, autonomoei dagokienez, urteroko kuotak ordaintzen jarraitu behar dutela da azpimarratzekoa."

Arazoak lan delegaritzako webgunean

Mendibil abokatuak gaineratu duenez, ERTE eskakizun kopuru handiagatik "Lan delagaritzako web orrialdea arazoak izaten ari da. Ez dakit jendea masiboki ari den eskaerak egiten edo zer, baina, blokeatu egiten da. Telematikoki egin beharra dago eskaera, eta beraz, pazientziaz hartu beharko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak