ALBISTEAK

Elite mailako kirolariak etxean saiatuko dira sasoi puntuari eusten

Xabier Urtzelai 2020ko mar. 18a, 10:01

Koronabirusa ez hedatzeko hartutako prebentzio neurriek bete-betean eragiten diete kirolariei, bai amateur mailakoei, baina baita profesionalei ere. Txapelketa eta lasterketa guztiak geldi, etxean dihardute entrenatzen, ahal duten ondoen.

Gainontzeko herritarrei gertatu moduan, koronabirusak eragin zuzena izan du goi mailako kirolariengan. Etxean daude denak, hurrengo kirol hitzordua noiz izango duten jakin barik, eta etxean ahal duten moduan entrenatzen jarraitzeko egokitutako logelaren batean orduak sartzen.

Oihana Aldai, Oihana Kortazar, Julen Irizar, Aitor Fernandez, Asier Garitano eta Mikel Linazisoro.

MIKEL LINAZISORO ESKALATZAILEA: "Olinpiar Jokotarako txartela orain nuen jokoan, Europakoan"

Bilbon Medikuntza ikasten dabilen bergararra etxean dago: "Ikaskideon pisuan ez da inor geratu". Baina Olinpiar Jokoetan egotea helburu duen eskalatzaileak, berez, Austrian egon beharko luke jada: "Asmoa zen 15 egun egitea han Europako Txapelketa prestatzen, bertan izango dut-eta Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko azken aukera. Baina Europako Txapelketa, oraingoz, ekainera atzeratu dute, Europako Kopako probak ere bertan behera geratu dira...

Hala, egun hauek etxekoekin lasai egoteko aprobetxatuko ditugu". Bergarakoak ezin ditu kirol instalazioak erabili, normala den moduan: "Etxean nabil entrenatzen, garajeko horman egurrezko oholtxo batzuk ditut eta indar ariketak egin ditzaket han, halaxe moldatuko gara".

OIHANA KORTAZAR MENDI LASTERKARIA: "Min hartuta nago, ez nuen uda ostera arte lasterketetan jarduteko asmorik"

Oihana Kortazar mendi lasterkariari egoera honek gainontzekoei moduan eragiten dio, baina kirolari moduan birusaren erruz egin beharreko konfinamenduak ez du elgetarra momentu txarrean harrapatu: "Belaunean min hartu nuen duela hilabete pasa, eta hainbat hilabetez geldi egon beharko dut. Hala, lasterketa asko udazkenera atzeratzen dabiltza, eta itxaropena dut orduan irteera puntuan egoteko. Egia esan, azkenaldian, igerian nenbilen eta uste dut horixe igarri behar dudala faltan. Bitartean, nahikoa lan izango dugu etxeko txikiekin etxean geratzen".

AITOR FERNANDEZ LEVANTEKO ATEZAINA: "Klubean koronabirus azterketak egin dizkigute, eta etxean gaude denak"

Koronabirusa duten edo ez ikusteko, klubean azterketak egin dizkiete Levanteko jokalari eta entrenatzaileei; emaitzak negatiboak izan dira, eta gainontzeko taldekideak bezala domekaz geroztik etxean da atezain arrasatearra. "Asteburuan, jende askotxo zebilen kalean; larregi, gauza onerako. Badirudi, baina, serio jartzen gabiltzala", dio. "Guk txakurra dugu, eta tarteka kalera irten gaitezke, denbora laburrerako bada ere". Eta etxean, ahal duen moduan entrenatzen jarraitu behar: "Logela batean ohe-sofa bat lekuz aldatu dugu eta entrenatzeko egokitu dugu logela hori, eta Internetetik bizikleta estatiko bat erosi dugu; noiz iritsiko zain gaude".

Levanterekin sekulako denboraldia egiten dabilen atezainak garbi du egoera normalizatzen denean eurak, futbol jokalariak, izango direla lanean hasten lehenak: "Ez dakigu Liga Txapelketarekin zer gertatuko den, Tebasek dio geratzen diren jardunaldiak jokatu egin beharko direla, baina, esaterako, jokalari batzuei ekainean kontratua amaituko zaie. Dena dela, egoera zein den ikusita, halakoek orain garrantzi txikia dute".

OIHANA ALDAI POZOALBENSE TALDEKO ATEZAINA: "Erizaina ere banaiz, eta pentsatzen nabil klubari baimena eskatu eta lanean hastea"

Oihana Aldai Kordoban dabil futbolean jokatzen, eta beste bi taldekiderekin batera bizi da. "Domekatik hona badirudi jendea kontzientziatu egin dela". Aste barruan jokalariei esan zieten partiduak ateak itxita jokatuko zituztela, baina eguaztenean liga jardunaldia bertan behera geratu zen. "Klubekoen proposamena izan zen entrenatzen jarraitzeko lagunarteko bat egitea gazte mailako mutilen kontra, baina horrek ere ez zuen inongo zentzurik. Goma elastikoekin eta halakoekin ari gara indar ariketak egiten. Helburua da gorputzari estimuluak ematea".

Aldaik, baina, datozen asteetarako beste asmo batzuk ditu: "Hau luzerako doa, eta erizaina naiz. Hala, pentsatzen nabil klubari baimena eskatu eta erizainak behar dituzten lekuren batera joatea lanera, Madrilera, Euskal Herrira... Ikusiko dut zer egin".

Oihana Aldai Kordoban dago, eta etxean dabil ariketak egiten, baita sare sozialetara igotzen ere. @oihanaaldai

ASIER GARITANO ALAVESEKO ENTRENATZAILEA: "Klubean bi positibo izan ditugu, etxean gaude denok lasai"

"Egubakoitzean egin genuen azken entrenamendu saioa, eta beste aginduren bat jaso arte etxean egon beharko dugu denok", dio bergararrak. "Bai, egia da taldeko bi kidek positibo eman dutela, baina ez dute sintomarik izan, ondo daude, eta gaur [astelehena] ostera ere egin dizkigute koronabirusaren azterketak. Bada, jokalariek klubeko bizikleta estatiko eta bestelakoak etxera eraman dituzte, eta bakoitza bere kabuz dabil entrenatzen, etxerako lanak eman dizkiegu eta. Batzuek, gainera, etxean gimnasio propioa izaten dute".

JULEN IRIZAR EUSKADI FUNDAZIOKO ZIKLISTA "Ziklismo denboraldia berriro hastea bezala izango da"

Julen Irizar ziklistak bi astez ez du lasterketarik izan, baina orain zen ostera ere lehian hastekoa: "Portugalen genuen hitzordua, baina dena geratu da bertan behera, eta taldeko arduradunek esan digutena da lasaitasunez hartzeko. Arrabola egin, indar ariketak... Orain genuen sasoi puntua galdu egingo dugu, eta denboraldia berriro hastea bezala izango da. Baina ez gara zoratuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak