Norberaren kontura diharduten langile edo langile autonomoen kasuan, esate baterako, lanik ezin egin daude asko, eta, gainera, aurreikuspen guztien arabera alarma egoera honek luze iraungo duelakoan, urduritasuna da nagusi.
LEIRE ERRASTI. TABERNARIA "Negozioa aldi baterako ixteak eragin handia izango du"
Eskoriatzako Urrestilla tabernako Leire Errastik joan den egubakoitzean hartu zuen negozioa aldi baterako ixteko erabakia. "Eusko Jaurlaritzak emandako adierazpenen aurretik itxi genuen taberna. Zentzuzkoa iruditu zitzaigun, oraindik ez baitakigu guztiz zer den koronabirusa, nolakoa izango den hemendik aurrera izango dugun egoera… baina, aurreikuspenen arabera, luze joango delakoan gaude". Hala, zehaztugabeko denbora batean negozia itxita izateak fakturazioan eragingo diela ere gaineratu gura izan du: "Gutxienez, hilabeteko fakturazioa galtzea dakar egoera honek, kuotak eta gainontzeko gastuak ordaindu beharko ditugu, gizarte-segurantza, banatzaileak… Airean dago dena, eta zalantzak ditugu. Hala ere, pazientziaz jokatu behar dugu". Horren harira, Gobernuak ezarritako neurriak betetzeko eskaera ere gura izan du egin Errastik: "Denok etxean geratu behar dugu; norberaren osasuna eta herritar guztiena baita momentu honetan garrantzizkoena. Koronabirusaren zabalkundea oztopatu eta herritar kutsatuen kopurua apaltzeko ondo egin behar ditugu gauzak. Bueltatuko gara normalitatera, eta gero irtengo gara festara; bitartean, geratu zaitezte guztiok etxean".
JORGE MARKIEGI. DENDARIA "Apalategi guztiak beteta ditugu, eta ezin izango dugu produktua saldu"
Arrasateko Markiegi arropa dendako Jorge Markiegi jabeak adierazi du komertzio txikiaren berezko egoera ez dela oso ona, baina sufritzen ari diren egoera honek komertzialki esanda "hildako" asko utziko dituela bidean: "Egoera honekin, bi hilabetetik gertuago egongo gara, esaten duten moduan, hilabete bakarretik baino. Nire kasuan, ehungintza sektorean, momentu oso txarrean harrapatu gaitu, udaberriko eta udako produktu guztiak jaso baititugu. Apalategi guztiak beteta ditugu, eta ezin izango dugu produktua saldu, baina ordaindu beharra dago… Diru kopuru handiaz ari gara hitz egiten, eta langileen egoera konponduko dugu modu batera edo bestera, baina hornitzaileen kontua konplexuagoa da. Beraiekin adostu beharko dugu ea epemugak luzatu ditzakegun…". Hala ere, egoera hobetzea ez dela hain samurra izango gaineratu gura izan du Markiegik: "Epe motzean gauzak konpondu arren, bola handituz joango da; izan ere, maiatzean ateak itxita Ajarraituko dugula uste dut nik. Beraz, hurrengo denboraldiko produktuak ere pilatuko zaizkigu. Hori horrela, dena negoziatzen saiatuko gara, eta aurrera jarraitu behar".
ITZIAR OYARZABAL. ILE-APAINTZAILEA "Ile-apaindegia garbitzen ari naiz egunotan, ezer gutxi egin dezaket"
Eskoriatzako Kimu ile-apaindegia ere itxita dago; hala ere, astean behin dituen bezeroei zerbitzua eskaintzeko aukera izanik, ahal duena egiten jarraituko duela adierazi du Itziar Oyarzabalek: "Hasiera batean, ile-apaindegiak irekita mantenduko zirela adierazi zuen Gobernuak, baina erabaki hori ere aldatu egin zuten, eta zentzuzkoa iruditzen zait. Hobeto horrela; izan ere, autonomoak garenok gure kabuz ixten badugu negozioa, ez genuke dirulaguntzarik izango, eta orain, behintzat, aukera izan dezakegu laguntza horiek jasotzeko. Hala, erakunde publikoei ahal duten heinean gure egoera errazteko neurriak hartzeko eskatuko nieke, gero aurrera egin ahal izan dezagun". Etxez etxeko zerbitzuari dagokionez, eskaerarik jasoz gero prest dagoela erantzuteko adierazi du Oyarzabalek. Betiere, beharrezko neurriak hartuta: "Adineko jende asko dago astean behin datorrena ilea garbitzera, eta horiei zerbitzua eskaintzeko prest nago, betiere, sintomarik ez badute eta beharrezko neurriak hartuta. Hala ere, herritar askoren beldurra hor dago, eta sintoma txikiren bat egonez gero nire burua arriskuan jarri dezaket, eta baita besteena ere; beraz, halaxe dago kontua… Hasiera batean, ile-apaindegia garbitzen ari naiz egunotan; ezer gutxi egin dezaket".
LUIS EZKURRA. MEKANIKARIA "Lan gutxiago dago eta egunerokotasuneko lan-jarduna moldatu egin behar izan dugu"
Eskoriatzako Leniz Erreparazioak tailerrean ateak itxi ez, baina egunerokotasuneko lan-jarduna aldatu egin zaiela adierazi du Luis Ezkurra mekanikariak. Izan ere, lana jaisteaz batera, jendeak autoa ez duela tailerrera eramaten eta beraiek dabiltzala etxeetara joaten hauen bila adierazi du: "Lan gutxiago dago, eta ezin dugu normaltasunez lan egin; beraz, hemen gaude egoera hau aguantatzen. Hasiera batean, irekita ditugu ateak, baina ez dakigu noiz arte. Hala ere, tailerrean beti dago zerbait egiteko, eta ez gaude geldi. Egoera hau luzerako izango dela aurreikusten da, eta fakturazioan eragin handia eragingo digu horrek. Beraz, pazientziaz hartu behar dugu, eta pentsatuko dugu gero nola eman buelta arazo honi".