Atzo iluntzean iragarri zuen Osasun Sailburuak Arabako eskola guztiak bertan behera utziko zituztela gaur hasi eta gutxienez hamalau egunez. Eta gaur jakitera eman dutenez, bihartik aurrera neurri hori Gipuzkoa eta Bizkaira hedatzea erabaki dute. Beraz, "Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien eskola-jarduera presentziala aldi baterako etetea" agindu du Eusko Jaurlaritzak.
Gaur eskaini duten prentsaurrekoan Nekane Murga Osasun Sailburuak zehaztu du "momentuz itxierak 15 egunetakoak direla", eta une bakoitzean dagozkion neurriak hartuko dituztela. Bestalde, Cristina Uriarte Hezkuntzako kontseilariak nabarmendu nahi izan du, ikasleek etxetik ikasten jarraitzea dela helburua, eta horregatik, irakasleek ikastetxera joaten jarraituko dutela.
Neurri berriak maila guztietako ikasleei eragiten die, ondorioz, haur-eskolek, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek eta unibertsitateek (EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko campus-ak barne) ez dute eskola-jarduerarik izango. Eskolaz kanpoko jarduerarik ere ez da egingo. Uriarte Kontseilariak zehaztu duenez, gaur hartu duten neurriak 0-18 urte arteko 375.000 ikasleri eta unibertsitate mailako 60.000 ikasleri eragiten die.
Bestalde, Murga Sailburuak gurasoei eskatu die arduraz jokatzeko. Esan duenez, "sintomatologia oso gutxi duten haurrak egon daitezke" eta horiek pertsona zaurgarriak kutsatu. Horregatik, "kontaktu estuko lekuak" saihesten saiatzeko eskatu die gurasoei.