Beñat Arrieta gitarra-jole eskoriatzarrak bailarako zenbait musikarirekin batera Nhil izeneko taldea sortu du, eta Aztarnak izenburua jarri diote lehenengo diskoari. Arrietarekin batera, honako hauek dira taldea osatzen duten musikariak: Sara Alonso piano-jolea eta abeslaria, Asel Errasti bateria-jolea, Xabi Zuazabeitia baxu-jolea, Lia Garai saxofoi-jolea eta Aitor Ruiz de Austri tronboi-jolea.
Zazpi kanturekin osatuta dagoen lana NecroSound estudioan, Aretxabaletako kuartelean, grabatu dute. Asel Errastik grabatu eta nahastu du, eta masterizazioa Doctor Master-en egin dute. Kopiak, berriz, Sarbiden atera dituzte. "Duela bi urte, entseatzen eta sortze prozesuan hasi ginen, eta geldiunea izan genuen, Txilera joan nintzelako ikastera. Hala ere, handik bueltatu nintzenean taldea deseginda aurkituko nuela pentsatu nuen, baina ni barik lanean jarraitu zuten. Entseguak berrartu, eta gero batu dira taldera Lia eta Aitor saxofoi eta tronboiarekin. Pop-funk estilo bezala definitu dezakegu, baina badauka rock estilotik ere zerbait…", adierazi du Beñat Arrieta Nhil taldeko musikariak.
Lan gogorra diskoaren atzean
Emaitza esku artean, egindako lanarekin gustura geratu diren arren diskoaren atzean lan asko dagoela ere gaineratu gura izan du Beñat Arrietak: "Taldean zenbait lagun gara, herri ezberdinetakoak, eta gaur egun, bi entsegu egiten ditugu; aste barruan bat eta asteburuan beste bat. Hala ere, ez da erraza denok batzea. Laster izango dugu lehenengo kontzertua, eta, ilusioz gaudenez, gehiago batzen gara. Hori horrela, jendeak gustuko izatea espero dugu…".
Estreinaldia, Zaldibar antzokian
Martxoaren 6an 22:00etan egingo dute aurkezpen kontzertua Eskoriatzako Zaldibar antzokian, eta sarrera doakoa izango da. Egun horretan bertan jarriko dituzte diskoak salgai, eta gero, euren asmoa Eskoriatzako Inkernu tabernan, Aretxabaletako Urbaltzen eta Arrasateko Iratin saltzea dela adierazi dute. Horrekin batera, Instagram sare sozialean Nhilband taldea jarraituta bertatik ere eskatu daitekeela diskoa adierazi gura izan dute musikariek.