Beskoitzeko ikastolari elkartasuna adierazteko, kontzertua eta krosak

Jone Olabarria 2020ko urt. 29a, 16:21

Oñatiko Txatxiku ikastolak eta Bergarako Aranzadik hainbat ekintza antolatu dituzte Lapurdiko Beskoitze ikastolaren alde. Azken honek izandako hazkundea dela eta, eraikin berri baten beharra dute Beskoitzen eta proiektu horretan laguntzeko asmoz elkartasun kontzertua eta krosak antolatu dituzte Oñati eta Bergaran.

2013. urtean sortua, inguruko familien euskalduntzea du helburu finko Beskoitzeko ikastolak. Lapurdi ipar-ekialdeko udalerria da eta 2700 biztanle inguru ditu. Hiru ikaslerekin eta bertako guraso batzuen ekimenez abiarazi zuten ikastola eta une honetan 39 ikasle inguru dituzte. Hezkuntza komunitatea osatzen duten 29 familietatik, 17 erabat erdaldunak dira eta  adierazi dutenez, gaur egun duten "erronka nagusienetakoa" ikasle horiei guztiei erantzuteko ikastola berria eraikitzea da: "2013az geroztik ikastolak izan duen hazkuntzaz jabetuta, lursail bat topatu, erosi eta ikastola berria eraiki nahi dugu Beskoitzen, eraikin prefabrikatuak atzean utzi eta hezkuntza-espazio egokiagoa sortzeko".

Proiektua aurrera eramateko, laguntza ekonomikoa behar dutela eta "egitasmo eder zein beharrezko hau" bultzatzea erabaki dute Txantxiku eta Aranzadi ikastolek. Bi ekintza nagusi antolatu dituzte datozen egun eta asteetarako.

Elkartasun kontzertua Oñatin

Beskoitzeko lagunekin elkarlanean, kontzertua antolatu du Txantxiku Ikastolak otsailaren 2an. 18:00etan izango da, San Migel parrokianeta, Pantxoa eta Ugo Carrere, Iñaki Dieguez, Marie eta Pantxix Bidart, Mattin Lerissa, Mixel Ducau, Maialen Errotabehere, Iñigo Arrazola, Juan Valls, Ander Etxaniz eta Beskoitzeko eta Txantxiku Ikastolako haurrak arituko dira kantuak.

Era berean, Manex Pagola Nafarroa Behereko idazle, abeslari eta politikariaren omenezko kantaldia izango da. Besteak beste, Urtxintxak euskal abesti ezagunaren egilea da Pagola. Sarrerak Oñatin Txantxiku Ikastolako idazkaritzan eta Txokolateixan eskura daitezke eta Bergaran Aranzadi Ikastolako idazkaritzan. Helduen sarrerek 10 euro balioko ditzute, gazteen sarrerek (6-18) 5 euro.

Krosak Bergara eta Oñatin

Otsailaren 7an Bergara eta Oñatiko kaleak zeharkatuko dituzte "beharrezko proiektu honi" sustengua emateko asmotan, eta Bergara eta Oñatiko herritar guztiak gonbidatzen dituzte ekintzetan parte hartu eta Beskoitzeko Ikastola sustengatzera.

Oñatin:
11:00: HHko ikasleen krosa.
12:30: BHko ikasleen krosa.
15:00: LHko ikasleen krosa.
17:00etatik aurrera herriko plazan: txosna jan-edanarekin, marrazki-margoketa, aurpegi-margoketa, globoflexia...
18:00: Herri-krosa plazatik abiatuta.

Bergaran:
11:00: DBHko ikasleen krosa .
16:30: HH eta LHko ikasleen krosa.
17:00etan Seminarioko patioan: musika, elkartasun-kutxa, aurpegi-margoketa, jolas dinamikoak, pintxoak meriendatzeko...

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak