Grebak askotariko erantzuna izango du Debagoienean

Txomin Madina Milikua 2020ko urt. 29a, 16:00

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biharko deitu duen greba orokorrak askotariko erantzuna izango du eskualdeko lantegietan; ikastetxe eta erakunde publiko gehienetan, langileek bat egin dute deialdiarekin.

Bat egin dute deialdiarekin, esaterako, Arrasateko Polmetasak, Mondragon Assembleyk eta JMAk; Bergarako Arcelor Mittalek, Lazpiurrek eta Tornilleria Debak; Oñatiko Ulma Packagingek, Ulma Eraikuntzak eta Garayk; Aretxabaletako Mondragon Assembleyk; Eskoriatzako TESAk; Antzuolako Elayk eta Goizperrek; eta Elgetan, Cie Alurecyk.

Grebarekin bat egin ez dutenen artean daude, besteak beste, Arrasateko Fagor Industrial, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Fagor Automation eta Gelma; Oñatiko Ulma Forja, Ulma Polimero, Fagor Industrial eta Lana; Aretxabaletako Copreci; eta Eskoriatzako Fagor Ederlan eta Fagor Automation.

Hezkuntzan gehiengoak greba

Hezkuntzan, ibarreko ikastetxe ia guztietan egingo dute greba bihar, eta udalei eta Mankomunitateari dagokienez, Leintz Gatzagako udaleko langileek izan ezik, gainerako guztiek egin dute bat deialdiarekin.

Lurraldebusek zerbitzu minimoak iragarri ditu biharko. Debagoieneko ESIren kasuan bai ospitalean, bai osasun etxeetan zerbitzu minimoak bermatuta izango direla iragarri dute. Aramaioko osasun etxean ez dute egingo grebarik.

EH Bildu bakarrik alde

Alderdi politikoen kasuan, EH Bildu da greba orokorrarekin bat egin duen bakarra, eta EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemos aurka agertu dira. Esan, Elkarrekin Podemos alderdi moduan agertu dela grebaren aurka, nahiz eta militanteek greba egiteko askatasuna izango duten eta alderdiko parte diren Antikapitalistak ere grebaren alde agertu diren. 

UGT eta CCOO sindikatuak eta Confebask eta Euskal Enpresarien Konfederakuntza, bestalde, grebaren aurka agertu dira.

Goienako langileek grebarekin bat

Goienako langileek ere bat egin dute greba orokorrarekin, eta ondorioz, bihar ezohiko programazioa izango da Goiena Telebistan. Informatiboetan grebari buruzko albisteak izango dira bakarrik, eta Goiena.eus webgunean uneoro izango duzue greba eguna ematen ari denaren berri.

Ekitaldiak bihar

Greba orokorraren harira, herri guztietan izango dira bihar mobilizazioak. Eguerdian, elkarretaratzeak eta manifestazioak egingo dira Arrasaten, Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan eta Antzuolan; Aramaion, ostera, Arrasateko manifestaziora joateko elkartuko dira. Arratsaldean, 18:00etan hasiko dira grebaren bueltako ekintzak. Esan, era berean, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin zaintza guneak egokituko dituztela.

Herri bakoitzeko egitaraua:

Arrasate:

  • 05:00. Piketeak lantegi eta merkataritza guneetan, Herriko Plazatik abiatuta.
  • 08:00. Haurren zaintza gunea, Gaztegunean.
  • 09:00. Kale-bira, Herriko Plazatik abiatuta, herrian zehar.
  • 09:30. Zaintzaileen zaintza-gunea, Irati Topagunean. 
  • 12:00. Manifestazioa, Seber Altubetik abiatuta.
  • 14:00. Tuper bazkaria, Seber Altuben.
  • 16:00. Mikro irekia Herriko Plazan. 
  • 18:00. Manifestazioa, Seber Altubetik abiatuta.

Bergara:

  • 05:30: Piketeak Amillagako Eroskin.
  • 07:30. Auto karabana Amillagako Eroskin.
  • 09:30. Kalejira San Martin plazatik. 
  • 10:30. Hamaika borroka tailerrak San Martin plazan + Zaintza kolektibo sinbolikoa: haurren txokoa. 
  • 12:00. Manifestazioa San Martin plazatik abiatuta.
  • 14:00. Mokadu herrikoia San Martin plazan. 
  • 16:30. Hitzaldia San Martin plazan.
  • 18:00. Mobilizazio orokorra: zutabeak frontoitik: Bolutik, zutabe morea; Matxiategitik, zutabe berdea; Autobus geltokitik, zutabe gorria. 
  • 18:30. Manifestazioa frontoitik (pentsiodunen zutabea frontoian batuko da).

Oñati:

  • 11:00. Kalejira girotua Olakuatik erdigunera.
  • 12:00. Elkarretaratzea plazan. 
  • 18:00. Manifestazioa Foruen plazatik abiatuta.
  • Mobilizazio orduetan zaintza kolektiborako gunea egokituko dute gaztelekuan.

Aretxabaleta

  • 10:30. Bizikleta bira herrian.
  • 12:00. Ekitaldia Herriko Plazan.
  • 16:30. Arrasateko manifestaziora joateko elkartu Herriko Plazan.

Eskoriatza

  • 09:30. Sindikalistei harrera, gosari kolektiboa eta aldarrikapenak zabaltzeko ekimenak Herriko Plazatik abiatuta.
  • 18:00. Elkarretaratzea plazan, eta lan-pentsio-bizitza duina eskatu modu zaratatsuan herrian zehar (baldintza onak badira).

Antzuola

  • 10:00: Gosaria plazan. 
  • 11:00: Kalejira herrian zehar.
  • 12:00: Elkarretaratzea plazan.
  • 15:45. Dokumentala Torresoroan: La revolucion de los pinguinos
  • 18:00: Manifestazioa plazan hasita.

Aramaio

  • 11:00. Arrasateko manifestaziora joateko elkartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak