9,8 milioi euroko aurrekontua onartu du Mankomunitateak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 29a, 11:11

Zehazki, 9.855.000 euroko aurrekontua izango du Debagoieneko Mankomunitateak 2020rako. Besteak beste, turismoko plan estrategiko bat egiteko eta hondakin bilketari loturiko zenbait gai lantzeko partidak gorde dituzte. Gizarte Zerbitzuen Mapa eratzea ere gura du.

Debagoieneko Mankomunitateak 9.855.000 euro izango ditu 2020an. Horixe onartu zuten martitzeneko batzarrean. EH Bilduko eta Leintz Gatzagako zinegotziek alde bozkatu zuten eta EAJkoak abstenitu egin ziren. "Gustura gaude datorren urterako landutako aurrekontuekin. Hilabeteak eman ditugu horretan lanean. Eta egindakoak eman ditu bere fruituak. Finean, garrantzizko zenbait gai lantzen hasteko mugarri ditugu aurrekontuok eta aurreko legealdian blokeatu ziren hainbat ekimenei ere berrelduko diegu", dio Maite Anton presidenteak ohar bidez.

Antonek adierazi du 2020an aurrekoan baino euro gehiago izango dituztela inbertsioak egiteko. Besteak beste, turismoko plan estrategikoa garatzeko partida jaso dute aurrekontuetan (15.000 euro) eta hondakin bilketari lotutako zenbait gai lantzeko partidak ere adostu dituzte, tartean 20.000 euroko bat hondakinen karakterizaziorako (edukiontzietan zer jasotzen den eta zertan hobetu daitekeen ikusteko). Horrekin batera, Debagoieneko Mankomunitateak "arreta berezia jarriko du hondakinen murriztearen eta bereiztearen inguruko kontzientziazioan", eta beste 20.000 euroko partida zehaztu du horretarako.

Aurrekontuen aurre lanketari buruz, Maite Anton presidenteak esan du hainbat proposamen aurkeztu zituztela EAJko ordezkariek eta jeltzaleek aurkeztutako hiru proposamenetatik bi jasota zeudela euren zirriborroan: "turismoko plan estrategikoa eta murriztearen zein bereiztearen inguruko kontzientziaziorako partida".

Aurrekontuez gain, bestelako egitasmoak ere badituzte aurreikusita mankomunitateko arduradunek: "Gizarte Zerbitzuen Mapa eratzea eta Deba ibaia garbi mantentzeko plangintza diseinatzea, adibidez (Debagoieneko Euskadi Lagunkoia egitasmoko kideekin elkarlanean egingo litzateke hori)... "Bestetik, aurrera begirakoan eragina izango duten beste zenbait gairekin ere badabil Mankomunitatea. Horien artean dira Epeleko isurtegirako planteamendua eta hondakinen bilketa enpresarekin martxan dagoen kontratua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak