Debagoieneko kirolariak, taldeak eta herrietan kirola sustatzen dihardutenen lana aitortzeko eta saritzeko ekitaldia ospatu da gaur, urtarrilak 28, Bergarako Seminarixoan; eta Debagoieneko Mankomunitateak eta udalek bat egin dute DKSrekin beste urte batez. Aretoa lepo bete da gertutik jarraitzeko sari banaketa eta ekitaldia girotu dute Bergarako Shotokan elkarteko karatekek eta Arragoa musika taldeak.
Herritarren saria Mikel Linazisorok
2019ko kirolari onenaren sari nagusia izan da Mikel Aristi txirrindulari bergararrarendako epaimahaiak hala erabakita. Euskadi Murias taldean jardun zuen iaz, eta bereziki abuztuan nabarmendu zen, Portugalgo Itzulian etapa bat eta Limousingo Tourrean beste etapa bat irabazita. Lan horri esker Euskadi Fundazioak fitxatu du. "Talde berrian hasi naiz eta ilusio handiarekin nago. Hasierak beti dira zailak eta lan mordoa egin beharko da baina ilusioa badago eta egingo dugu. Iaz egindako hobetzea ere gurako nuke", adierazi du. Saria eman dio Ekide Group-eko zuzendari Oscar Sevillanok.
Talde onenaren saria Eskoriatza KEko areto futboleko gizonezkoen talde nagusiak jaso. Urteak egin dituzte Euskadiko Txapelketan lehian, maila nazionalera igotzeko amesten, eta iaz lortu zuten helburua. Goiena Komunikazio Taldeko presidente Aitor Izagirrek eman die saria jokalariei. "Maila nazionalean beste maila bat dagoela igarri dugu, baina asteburuan irabazi egin dugu eta saiatuko gara hor egoten", adierazi du Aratz Kortazar jokalariak.
Udalen sariak
Udal bakoitzak kirolari bat hautatu du saritzeko. Hona hemen horiek jaso dituztenak:
Antzuola Saria, Aitor Mendizabalek jaso du Beñardo Kortabarria alkatearen eskutik. Zortzi urtez Aspe enpresako elastikoa defendatu ondoren azaroan hartu zuen erretiroa pilotariak. Profesional modura Bigarren Mailako Lau t'erdiko txapeldun eta Buruz-Buruko txaepldun izan zen.
Aretxabaleta Saria Oihana Aldai atezainari eman dio Unai Elkoro alkateak. Futbolean gorengo mailan jokatu du eta Real Sociedad taldearekin Erreginaren Kopa irabazi zuen iaz. Kordobako Pozoalbense taldera joan berri haren ahizpa Itsaso Aldaik jaso du saria.
Oñati Saria Markel Irizarrendako izan da eta Izaro Elorza alkateak eman dio haren emazte Alaitz Perez de Arenazari. Txirrindularitzan egindako ibilbide luzeagatik eta Oñatiko enbaxadore lanak egiteagatik saritu dute.
Arrasate Saria Fernando Zufiria Txufi-ri eman dio Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak. Atletismoa sustatu izana Arrasaten urte askoan eta gaztetxoekin egiten diharduen lana aitortu diote.
Eskoriatza Saria Narciso Pavok jaso du Joserra Zubizarreta alkatearen eskutik. Areto futbola Eskoriatzara duela 25 urte ekarri izana eta horren alde urteetan egindako lan guztia saritu gura izan diote.
Elgeta Saria Aitor Olaortua futbol jolariarendako izan da eta saria haren ama Tere Deskargak jaso du Iraitz Lazkano alkatearen eskutik. Gaur egun Bigarren Mailako Santanderko Racing taldean dagoen jokalariari futbolean egindako ibilbidea aitortu diote.
Leintz Gatzaga Saria Jose Inazio Belokik jaso du Beñat Agirreurreta zinegotziaren eskutik. Herrian pilotaren alde egindako lan eskerga aitortu diote eta gaztetxoen artean kirol hori sustatu izana urte askoan.
Aramaio Saria Aitor Ugarterentzat izan da eta Igone Eriz amak eman dio. Mendi lasterketan munduko txapelduna izan zen junior mailan eta Espainiako kilometro bertikaleko txapelketa irabazi zuen Aramaioko gazteak.
Bergara Saria Josetxo Muniategik jaso du kirol zinegotzi den Aitor Aranzabalen eskutik. Bergarako eskubaloiaren alma materra, 80ko hamarkadatik dabil kirol horren alde lanean, bai zuzendaritzan bai entrenatzaile moduan.