Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatuz, grebara batzeko deia egin dute asteburuan Elorregin

Jone Olabarria 2020ko urt. 27a, 16:28

Urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira, eskualde mailako ekitaldia egin zuten zapatu eguerdian Elorregin. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egin du egueneko greba orokorrerako deialdia eta hain zuzen ere, bertara batzeko aldarrikapena egin nahi izan zuten asteburuan hainbat herritarrek Elorregin.

Esparru ugaritatik, aldarrikapen ezberdinak batzen ditu deialdiak, eta horien artean emakumeek jasaten duten “diskriminazioa” azpimarratu du Itziar Usandizaga Duinatsuna pentsiodunen elkarteko kideak: "Emakume pentsiodunek diskriminazioa jasotzen dugu, pentsio oso baxuak dauzkagu. Ehunekoak ikaragarriak dira;%40ko ezberdintasuna dago emakume eta gizon pentsiodunen artean. Arrakala hori berdindu beharra dago".

Sektore arteko lankidetza

Era berean, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; eta pentsioen eremuaz haratago, modu zabalagoan “planto” egiteko beharra plazaratu eta sektore ezberdinen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du Mikel Olabarria Duintasuna elkarteko kideak: "Gero eta langile gutxiago dago eta hortaz kotizazioa, langileen aldetik ere, txikiagoa da, kutxa hori betetzeko gutxiago dago. Pentsiodunok aspaldi eskatzen genuen beste sektore batzuk, eta zuzezenan langileak, gazteak,...hortara biltzea".

Gazteen egoera

Eskaerei dagokienez, 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea, Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea, eskubide sozialen bermea edota lan-harremanetarako eta babes-sozialerako esparru propioa aldarrikatzen ditu urterrilaren 30eko deialdiak. Bide horretan ere, gazteek bizi duten egoera “prekarioa” salatu du greba batzordeko kide den Alaia Basetak: "Gero ete gazte gehiago daude lan prekarioa dutenak eta ezin direnak etxetik irten. Etxetik irten nahi badute kanpora joan behar dira, lan eremu eta gazte horiek oso prekario daude eta beraiek ere badute zer esan eta zergatik batu grebara. Hona etortzera animatzen ditugu".

Urtarrilaren 30eko greba orokorrera begira mobilizazio eta ekitaldiak iragarri dituzte bailarako herri gehienetan, eguerdi zein iluntzerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak