Greba egiteko deia egin dute "pentsioak, lan baldintza duinak eta eskubide sozialak bermatzeko"

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 16a, 11:24

Prentsa agerraldia egin zuten atzo Arrasateko, Oñatiko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako lagunek, urtarrilaren 30erako egingo den greban parte hartzera deitzeko. Gauza bera ere egin zuten Bergaran, bertako greba batzordeko partaideek, baita pentsiodunek ere. Bi agerraldietan aipatu zituzten greba orokorra egiteko argudioak, eta baita hemendik eta urtarrilaren 30era bitartean antolatu dituzten ekintzak ere. 

60 lagunetik gora batu ziren Arrasaten, Kulturate kanpo aldeko agerraldian. Lehenik eta behin, Itsaso Ruiz de Larrinaga arrasatearrak hartu zuen hitza, grebara jotzeko hainbat argudio aipatuz. "Konbentzimendu hirukoitz batek batu gaitu: batetik, pentsioena denon afera da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa delako; eta azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira. Egoera ikusita, beharrezkoa iruditzen zaigu jauzi bat ematea. Garaia da azken urteetan kendu diguten guztia berreskuratzeko. Garaia da lan, pentsio eta bizitza duinak bermatzeko eta norabide horretan dagozkigun erabakiak hemen bertatik bertara, guk geuk hartu ahal izateko. Badugu hamaika arrazoi urtarrilaren 30ean kalera ateratzeko. Bestelako eredu sozial eta ekonomiko baten alde, tokiko merkataritzaren alde, kontsumo eredu jasangarriaren alde, eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den ereduaren alde. Izan langile edo langabetu, izan pentsiodun, etxeko langile, ikasle, dendari nahiz tabernari, indarrak batu eta mobilizatzera goaz".

Ostean Aramaioko pentsiodun den Juanito Saizarrek hartu zuen hitza, herriz herri antolatu dituzten ekintzen berri emateko. Urtarrilaren 30ean egingo dituzten mobilizazioez gain, aipatzea urtarrilaren 18an ekintza feministak egingo direla Arrasaten, Oñatin, Bergaran eta Eskoriatzan, eta baita hilaren 25ean Sanprudentziora martxa egingo dutela, Arrasatetik, Bergaratik eta Oñatitik. 

Bergaran ere, aldarri berak

Gainontzeko herrietan bezala, Bergaran pentsiodunek eta beste hainbat eragilek ere bat egin zuten urtarrilaren 30erako greba deialdiarekin. "Krisia aitzakia hartuta eskubide ugari murriztu dizkigute, lan eta bizitzaren prekarizazioak ez du etenik izan. Momentua iritsi da planto egiteko", esanez hasi zuen hizketaldia ELA sindikatuko Amagoia Lasagabasterrek. 

Greba egunerako antolatutako egitarauaren berri ere eman zuten. Hain justu, 9:30ean hasiko dituzte ekintzak, eta kalejira herrikoia egingo dute. 12:00etan, bestalde, sindikatuek deitutako manifestazioa egingo dute, plazatik hasita. 18:00etan, azkenik, jendez osatutako hiru zutabe abiatuko dira herriko toki ezberdinetatik, frontoian pentsiodunekin bat egin eta greba egunari amaiera emateko. 

Bergarako agerraldian parte hartu zuten lagunen irudia. (Argazkia: Maialen Santos)

Egitarauak, herririk herri

Arrasate

  • Urtarrilak 18, larunbata, 11:00etan Biteri plazan hasita, auzoetan ibilbide feminista girotua: "Greba Orokorra Feminista izango da".
  • Urtarrilak 20 astelehena, 12:00etan Arrasateko pentsiodunen elkarretaratzea herriko plazan; ondoren, txistorra eta patata tortilla mokadutxoak banatuko dira.
  • Urtarrilak 30: Greba orokorra. Mobilizazioak 12:00etan eta 18:00etan.

Oñati

  • Urtarrilak 18, 13:00etan: agerraldi eta poteo feminista. Plazan.
  • Urtarrilak 22, 18:00etan: Solasaldia, gaztetxean. Gaia: Zaintzak. Hizlariak: Maider Domingo eta Sdenka Huaranca Vaca-Cortes.
  • Urtarrilak 24, 18:00etan: Dokumentala eta solasaldia. Hokoke. Kultur-Etxean. Itsaso Torregrosa.
  • Urtarrilak 27, 12:00etan: Manifestazioa, plazan: Pentsionistak Borrokan!
  • Urtarrilak 27, 18:00etan: Solasaldia, Eltzian: Pentsioen Borroka. Hizlariak: Ainhoa Etxaide eta Joseba Villareal.
  • Urtarrilak 30: Greba orokorra. Mobilizazioak 12:00etan eta 18:00etan.

Bergara

  • Urtarrilak 18 larunbata, 11:30ean ekimen feminista, auzo bira informatiboa Boluko Plazatik abiatuta.
  • Urtarrilak 18 larunbata, 17:30ean, Comeme la Flor liburuaren aurkezpena Kartzela Zaharrean.
  • Urtarrilak 21 asteartea 18:30ean, hitzaldia Seminarixuan: Pentsio Publikoen alde.
  • Urtarrilak 27 astelehena, 18:00etan, kotxe karabana saltoki handietara.
  • Urtarrilak 29 asteazkena, 22:00etan, kazerolada auzoetan eta herrigunean.
  • Urtarrilak 30ean Greba orokorra. Mobilizazioak 12:00etan eta 18:00etan.

Eskoriatza

  • Urtarrilak 17, 18:00etan, Eskoriatzako Plazatik abiatuta herrian zehar informazioa zabaltzen.

Antzuola

  • Urtarrilak 20, 18:30ean, Olaranen: Greba batzordeko bilera irekia.
  • Urtarrilak 23, iluntzean, pintxopote girotua eta eskuorri banaketa. Taberna bakoitzean gai ezberdinak landuz, labur labur.
  • Urtarrilak 25: martxa Elorregira.
  • Urtarrilak 29, iluntzean, kazerolada etxeetako balkoietan.
  • Urtarrilak 30: Lehenengo orduan zabaltzen diren enpresatan pikete informatiboak; 10:00etan, kalejira; 12:00etan, elkarretaratzea plazan (hiriburutarako ere deialdiak daudenez, nahi dutenentzat kotxeak antolatuko dira Donostiara joateko); 16:00etan, asanblada Eta aurrera begira, Antzuolan zer?; 18:00etan, Manifestazioa plazan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak