Debagoieneko EAJk hainbat proposamen egin ditu Mankomunitatearen aurrekontuetarako

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urt. 15a, 13:56

Mankomunitateko aurrekontuak osatu eta hobetzeko hiru hobekuntza proposamen egin ditu Debagoieneko Euzko Alderdi Jeltzaleak: Debagoieneko Turismo Plana eguneratzea, Bihotz Solidarioa izeneko tapoi bilketa solidarioaren egitasmoa eta zaborraren sailkapena indartzeko kontzientziazio kanpaina bultzatzea.

Erakundearen egoitzan martitzen eguerdian egin duten prentsaurrekoan izan dira Arrasateko, Eskoriatzako eta Aretxabaletako EAJko batzarkideak. Arrasateko ordezkari Ander Garayk  azaldu duenez, "Debagoienarentzako interesekoak diren proiektuak ditu alderdi jeltzaleak, herritarren bizi kalitatean eta ongizatean zuzenki eragiten dutenak, eta horiek aurrera atera nahi dituzte kontsentsuz eta gestio partekatu bat oinarri hartuta". Arrasateko ordezkariak gaineratu du, "Mankomunitateak baliabide gehiago eta, era berean, EH Bilduren mankomunitateko gobernuak, liberatu gehiago dituela –aurreko agintaldiarekin alderatuz bikoitza–, eta horiek herritarren zerbitzuaren kalitatean zuzenki eragin behar dutela".

Hondakinen sailkapenarekin lotutako kontzientziazio kanpaina berria

Eskualdean, orokorrean, 2019ko urritik gaikako bilketan jaitsiera eman dela azaldu dute Debagoieneko EAJ alderdiko ordezkariek: "Iazko datuak kontuan izanda, urtarriletik abendura ere, jaitsi egin dira: Arrasaten, bataz beste, iaz, %76,43 jasotzen zen gaika, eta azaroan, berriz, %74,73; Eskoriatzan, %76,36 zen bataz-bestekoa iaz, baina, azaroan, %73,75. Datu onak dira, baina jaitsiera puntu bat eman da". Era berean, gaineratu dute "edukiontzi inguruetan zaborrak pilatzen direla eta guneak ez daudela oso txukun, eta horregatik, "kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina berriak martxan jartzea proposatzen dute, Hondakin Bilketan eta Garbiketa alorrean Plangintza Estrategikoa zehaztea eskatuz”.

Debagoieneko Turismo plana

Turismoaren alorrean, eskualdeko herrien arteko elkarlana indartzen jarraitzeko, "Turismo Plan bat izateko unea iritsi dela" dio Arrasateko batzarkideak: "Ezinbestekoa eta oso aberasgarria litzateke eskualde izaeraz lantzea turismoa, herrien garapen ekonomikoaren hanka inportantea da eta urtez urte geroz eta bisitari gehiago jasotzen ditugu. Ezinbesteko da estrategia amankomun bat lantzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ildo estrategikoarekin bat eginez".

Bihotz Solidarioa ekimena

Herritar askok egin dieten eskaerari erantzunez, herrietan bihotz formako estruktura jartzea proposatu dute, horien bitartez plastikozko tapoi bilketa egiteko, ondoren birziklatzeko helburuarekin. "Espazio gutxi eskatzen du eta estruktura sinplea da. Tapoien salmentarekin batutako dirua herriko irabazi asmorik gabeko elkarteei ematea proposatzen dugu. Mankomunitateko Batzordean gai hau landu beharko litzateke eta erabakiko diren irizpideen arabera, errotazio sistema bat jarri, esaterako, estruktura jarriko duten herrien artean. Horrela, irizpideen artean proposatzen dugu irabazi asmorik gabeko eta lan sozialetara zuzenduta dauden boluntarioekin osaturiko elkarteetara bideratzea egitasmoaren jasotzen diren sarrerak, behin bilketa gastuak estalita”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak