Otsailaren 13an eta 14an egingo dute Debagoieneko Enplegu Azoka

Maialen Santos 2020ko urt. 9a, 14:07

Garaia Parke teknologikoan egingo dute eskualdeko ekimena; enpresek eta lan bila ari diren pertsonek euren burua ezagutzera emateko aukera izan dezaten.

Enplegu Azoka enpresen eta langabezian daudenen topagunea izan dadin nahi dute Debagoieneko Mankomunitatetik –Foru Aldundiko Sustapen Departamentuaren laguntzaz antolatu dute azoka–. Mankomunitateko lehendakari Maite Antonek azaldu moduan, enpresek eta erakundeek euren "negozio ereduak" azaltzeko baliatuko dute otsailaren 13an eta 14an egingo den azoka; eta negozio eredu horiek garatzeko zein profiletako pertsonen beharra duten zehaztuko dute. Bestetik, lan bila ari diren pertsonek enpresen aurrean euren hautagaitza eta profila azaltzeko aukera izango dute: "Talentuak eta aukerak bat egiteko gunea izango da azoka", laburbildu du.

Hala, stand ezberdinetan kokatuko dira azokan parte hartuko duten enpresak, eta bertan garatuko dituzte jendearekin hartu-emanak, Koldo Azkoitia Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako arduradunak adierazi duenez: "Bertan egingo dituzte gerturatzen direnekin elkarrizketak, zuzen-zuzenean". Gaineratu duenez, enpresak beraiek euren balio proposamenei buruzko aurkezpen txikiak egiten jardungo dira, "etorkizuneko langileak" erakartzea helburu. Kurrikulumak ere jasoko dituzte, gainera.

20 parte hartzailetik gora

Dagoeneko 20 erakundek eta enpresek baino gehiagok azaldu dute azokan parte hartzeko nahia, Azkoitiaren hitzetan. Halere, izen-emate epea zabalik dago oraindik; horretarako Debagoieneko Mankomunitatera deituta (943 79 30 90).

Azokaz gain, beste egun batzuetan ere egingo dituzte ekintzak. Urtarrilaren 27an enpresei zuzendutako tailerra egingo dute Mankomunitatean. Talentua nola erakarri ikasteko aukera izango da bertan, eta enpresek euren aurezkepenak modu egokian nola garatu beharko lituzketen azalduko dute. Horretaz gain, pertsonei zuzendutako tailerra ere egingo dute, norberaren burua enpresaren aurrean nola aurkeztu ikasteko. Herri ezberdinetan egingo dute hori, otsailaren 3an Oñatin; 4an Bergaran, eta 5ean, azkenik, Arrasaten. Izena emateko Mankomunitatera deitu behar da. Datorren astetik aurrera, bestalde, www.debagoiena.eus/enpleguazoka webgunea zabalduko dute, informazio gehiago eskura egon dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak