ALBISTEAK

Debagoieneko Selekzioak entrenamendu saioa egin zuen atzo zapatuko txapelketa gertatzeko

Amaia Aranegi 2019ko abe. 27a, 15:10

Abenduaren 28an jokatuko dute Realak, Alavesek eta Debagoieneko Selekzioak Gabonetako Emakumezkoen Futbol Txapelketa.

Abenduaren 28an eta 29an jokatuko dituzte partiduak eta aurreko urteetan ez bezala, lehen egunean jokatuko dute hiruko txapelketa, Realak, Alavesek eta bailarako selekzioak. Aurreko urtean, lehenengoz, etxekoek irabazi zuten garaikurra eta hori errepikatzea zaila izan arren lehiatzeko asmoa dutela adierazi zuen Manuk atzo egindako entrenamendu saioan:"Bi talde oso indartsu datoz eta zaila izango da beraien aurka emaitza ona ateratzea baina lehiatzeko asmoarekin gatoz".

Realarekin eta Alavesekin alderatuta, Debagoieneko selekzioko jokalariek ez dute elkarrekin jokatzen eta txapelketara begira atzo egin zuten Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian entrenamendu saio bakarra:"Saio bakarra egin dugu, izenak eta elkar ezagutzeko eta bi edo hiru kontzeptu lantzeko".

Zapatuan, Ibarra futbol zelaian 16:30ean hasita jokatuko duten torneoan, 6 talde desberdinetako ordezkariak izango dira Debagoieneko selekzioan eta Manu entrenatzailea pozik eta gogotsu azaldu zen osatutako taldearekin:"Sarrera interesgarriak eta lerro guztietan jokalari onak ditugu, pozik nago egindako taldearekin".

Hurrengo egunean, 29an, gainontzeko mailetako txapelketak jokatuko dituzte. Infantil mailakoak lehiatuko dira lehenik eta gero eguardian, kadeteen txanda izango da. Arratsaldean azkenik, alebin mailako norgehiagokak jokatuko dituzte eta Gipuzkoako talde ezberdinak arituko dira elkarren aurka jokatzen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak