'Zilarrezko A' Kudeaketa Aurreratua saria jaso du Goienak

Miren Arregi Amasorrain 2019ko abe. 18a, 21:01

Gasteizko Europa jauregian gaur, abenduaren 18an, egin den ekitaldian jaso du Goiena Komunikazio Taldea Kooperatiba Elkarteak 'Zilarrezko A' Kudeaketa Aurreratuaren aintzatespena. Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek, sailburuorde Estibaliz Hernaezen eskutik jaso du aitortza. Sari hori hedabide batek jaso duen lehen aldia da. Guztira 25 erakundek jaso dituzte Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Aurreratuaren sariak.

Sariok, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek eta sailburuorde Estibaliz Hernaezek eman dituzte, besteak beste, Euskaliteko Presidentearekin, Jose Hernandezekin batera. Lehendakari Iñigo Urkullu ere izan zen ekitaldian.

Modu horretan, praktika aurreratuak eta Goienak bere interes taldeekiko –bezeroak, pertsonak, bazkideak eta gizartea, besteak beste–, duen asebetetze orekatua saritu dizkio Euskalitek Goienari. Aurten Euskaliten aitortza jaso duen Debagoieneko enpresa bakarra da Goiena; horrez gain, Tubax-ek, Potrón Electrónicak, Spri Agentziak eta Mercabilbaok ere jaso dute Zilarrezko A saria gaurko ekitaldian.

Goienari emaniko saria pozarren jaso du komunikazio taldeko zuzendari Iban Arantzabalek. "Oso pozik gaude, aitorpen inportantea delako guretako. Goienako lankideak, Goienako gainerako bazkideak, Debagoieneko gizartea, bezero komertzialak, irakurleak, ikus-entzuleak, erabiltzaileak… Uste dugu denon saria dela eta bakoitzari zati bat dagokiola". 

Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldearen Zilarrezko A sariarekin. (Argazkia: Euskalit)

Erakundeen emaitzak hobetzeko

Euskalit Fundazioak dioenez, sariaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko kudeaketako erakunde aurreratuenak identifikatzea  da "kudeaketa aurreratua lehiakortasunaren funtsezko elementu gisa ezartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko".

Euskaliteko Ebaluazio Kluba osatzen dute modu altruistan elkarlanean aritzen diren 2.000 zuzendarik eta teknikarik baino gehiagok. Goienan, zazpi kanpo-ebaluatzailez osatutako taldea ibili da lanean eta guztira 22 elkarrizketa egin dituzte.

Diplomak

Bestalde, Debagoienetik, Emun kooperatibak eta Arrasate Institutuak diploma jaso zuten. Sariak Olatz Dorronsoro baliabideetako arduradunak eta Institutuko zuzendari Maite Lasak jaso zituzten.

Olatz Dorronsoro, Emun. (Argazkia: Euskalit)

Maite Lasa, Arrasate Institutua. (Argazkia: Euskalit)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak