Urtarrilaren 2tik aurrera egongo da martxan 'Mugiment' txartela

Jone Olabarria 2019ko abe. 18a, 21:07

Mugiment kirol txartel bateratua urtarrilaren 2tik ekainaren 30era arte egongo da erabilgarri Debagoieneko kirol instalazioetan. Herri bakoitzak eskaintzen dituen instalazio, ekintza eta ordutegietara egokituko du txartelaren erabilera.

Debagoiendarren artean kirola sustatzeko asmoz, urtarrilaren 2tik aurrera egongo da martxan Mugiment kirol txartel bateratua. Gaur egin dute momentuz proiektu pilotua izango denaren aurkezpena Arrasaten, Debagoienako Mankomunitatearen egoitzan. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera, bailarako herrietako ordezkariak eta mankomunitateko presidentea batu dira.

Hain zuzen Jaurlaritzak eta Aldundiak, Mankomunitatearekin elkarlanean garatutako proiektua da Mugiment kirol txartela. Sei hilabetez jarriko dute martxan oraingoz, urtarrilaren 2tik ekainaren 30era arte. Gipuzkoako foru aldunditik proiektuak "herritarrengan kirol ekintza eta osasunaren zainketa bultatzu nahia" azpimarratu du Maria Jose Paredes Kirol teknikariak.

APP bidez

Erabilerari dagokionez, Mugikorrerako aplikazio baten bidez egingo da. APPa instalatu, datuak erregistratu eta udal kirol zerbitzuek baliozkotu behar dituzte. Hala, Kirol instalaziora hurbildu, mugikorra bertako langileari erakutsi eta honek sarrera erregistratuko du.

Herri bakoitzak bere eskaintza

Oñatin eta Bergaran egunero eta irekiera ordu osoan erabili ahalko dira instalazio eta zerbitzuak. Aretxabaletan, astelehenetik ostiralera 11:00ak eta 16:00ak bitarte eta Eskoriatzan egunero, 7:45etatik 16:00era arte. Arrasateren kasuan, eremu hezea eta lehorra bereziko dira: lehorra, astean zehar 7:00tik 17:30ra egongo da erabilgarri eta asteburuan 16:00tik 20:00ra. Eremu hezean, astean zehar 7:00tik 16:00ra, zapatuetan 16:30tik 20:00ra eta igandeetan egun osoan zehar.

Bizkaiako ereduari jarraiki

Txartela dagoeneko erabilgarri dago Bizkaiako toki batzuetan; eta hain zuzen, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako jarduera fisikoko eta kiroletako zuzendariak azaldu duenez, bertako "eredua jarraituta" nahi izan dute proiektua Debagoienean ezarri. Arrasateko alkate Maria Ubarretxenaren esanetan, "bailara mailan berriz ere kirol txartel bateratu bat izateko eskariari erantzun nahi izan diogu proiektu honekin eta espero dugu behar hori asetzea".

Orain arte bezala, herritar bakoitzak abonua bere herrian ateratzea gomendatu dute mankomunitatetik, eta gogorarazi dute, hala gainerako herrietako zerbitzuez gozatzeko aukera izango dutela, gain kosterik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak