Kanpanzarren beste errei bat egitea aztertzen ari da Bizkaiko Aldundia

Maialen Santos 2019ko abe. 16a, 15:47

Elorriotik Kanpanzarrera doan bidean, N-636 errepidean, beste errei bat egitea aztertzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia. Errepide horretan goizean sortzen diren auto-ilarei eta kamioiek eragindako zirkulazio motelari aurre egiteko neurria litzateke.

Duela 25 urte hasi ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak Beasain eta Durango arteko ardatza eraikitzen. Ardatz osoa errepide azkarra izan dadin zatika aritu dira lanean urte hauetan guztietan. Aurten, martxoan, egin dituzte azken lanak Deskarga eta Bergara lotzen dituen errepidean, eta orain, proiektu honetan urrats bat gehiago egitea aztertzen ari da Bizkaiko Aldundia.

Kanpanzarko mendateak lotzen ditu Elorrio eta Arrasate –hots, Bizkaia eta Gipuzkoa–, baina errepide motela da, zirkulazio handia izaten duelako. Batez beste, guztira, 6.242 auto igarotzen dira mendatetik egunero. Goizeko zortziak eta hamarrak artean igarotzen dira ibilgailu gehien –egunean igarotzen direnen %20–, eta, sarritan, auto-ilarak sortzen dira. Bertatik igarotzen diren ibilgailuetako asko karga handiko kamioiak izaten dira, gainera –ibilgailu guztien %17–, eta horrek zirkulazioa "are gehiago" moteltzen duela azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiko Iker Arrastiok. Errepidearen beraren ezaugarriei dagokienez, makurra da eta bihurgune asko ditu, eta, beraz, bi errei izan arren, sarritan "zaila" izaten da aurreratzeak segurtasunez egitea.

800 metroko erreia

Elorrio eta Arrasate arteko errepidea azkarragoa bilakatu eta zirkulazio arazoei aurre egite aldera, lanak egitea aztertzen ari da Bizkaiko Aldundia. "800 metroko tarte batean hirugarren errei bat egitea ari gara aztertzen", azaldu du Arrastiok. Zehazki, 35+800 eta 36+620 puntu kilometrikoen artean egingo litzateke erreia. Gaineratu duenez, oraindik proiektuaren gainean ari dira lanean, lanak aurrera eramatea posible izango litzatekeen jakiteko: "Orain, lan horrek izango lukeen inpaktua ari gara aztertzen; bai ingurumenekoa, baita ekonomikoa ere". Hurrengo urratsa proiektua onartzea izango litzateke, baina horretarako "goiz" da oraindik, Arrastioren aburuz. Ondoren, lana lizitaziora aterako lukete proiektuarekin jarraitzeko.

Proiektua aurrera aterako balitz, 3,50 metroko zabalerako hiru errei izango lituzke errepideak tarte batean, eta elkarren artetik metro erdiko distantziak bereiziko lituzke. Zehazki, igotzeko bi errei izango lituzke mendateak –Arrasaterako noranzkoan– eta jaisteko, aldiz bakarra. Errepidea egungo beharretara egokitzeko 1,2 milioi euroko inbertsioa egin beharko luke Bizkaiko Aldundiak, eta lanek hamahiru hilabete iraungo lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak