Munillaren "klerikalismoa, ideologizazioa eta jauntxokeria" salatu ditu Gipuzkoako Kristau Elkarteak Arantzazun

Miren Arregi Amasorrain 2019ko abe. 14a, 19:00

Gipuzkoako kristau komunitateak bete egin du gaur goizean Arantzazuko Santutegia, Munillaren Eliza ereduaren kontrako elizkizunean. Urnietatik, Astigarragatik, Hernanitik, Donostiatik... etorri dira fededunak. Hainbat debagoiendarrek ere hartu du parte eukaristian.

Arantzazun batutako kristau komunitateko kideek salatu dute, Munillaren eredua "inposizioan, klerikalismoan eta jauntxokerian" oinarritua dagoela, Vatikanoko II. Kontzilioaren aurreko eliza ereduan, alegia.

Arrasateko Kristau Taldeko kide Andoni Uribetxeberriak azaldu duenez, "gaur argi ikusi da Gipuzkoako eliza oso bizirik dagoela", eta Munilla iritsi aurreko "hamarkada guztietan egindako lana ez dela suntsitu eta ez dela suntsituko".

Batasuna aldarrikatzera

Izan ere, Gipuzkoako elizbarrutia zatituta dago eta horren batasuna aldarrikatzera ere etorri dira Arantzazura. "Otoitz egitera etorri gara,  jainkoari batasuna eskatzera, gorroto gabe eta Vatikanoko II. Kontzilioari jarraituz". 

Gipuzkoako Kristau Elkarteak, Setien gotzainak jarraitu zuen bide-orri kontziliotarra defendatu du, euren esanetan, "ebanjelioa bizitzeko era anitz dago baina dena ez da balekoa". "Ezin dugu eraman Jesusen espirituaren antipodetan dagoen gotzaina eta behartzen ari den Eliza atzerakoia, non gotzain-boterearen abusua gailentzen zaion zerbitzu jarrerari: non negozioa eta dirua egitea diren gakoa, pobreentzako Elizaren keinu eta ekintzak beharrean; non manipulazioa eta gezurra nagusitu diren, egiari errespetua ordez; eta hobetsia dirudien gure herrian errotutako Elizak baino Gipuzkoan arrotza denak".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak