Abenduaren 28an jokatuko dute hiruko futbol txapelketa

Maialen Santos 2019ko abe. 10a, 13:59

Gabonetako Emakumezkoen Futbol Txapelketa antolatu du hamabosgarrenez Arizmendi Kirol Elkarteak. Abenduaren 28 eta 29an jokatuko dituzte partiduak, eta hain justu, lehen egunean jokatuko dute hiruko txapelketa, Errealak, Alavesek eta bailarako selekzioak.

Bailara mailako ekimena izango da Gabonetako Emakumeen futbol txapelketa, eta Ibarra futbol zelaian jokatuko dituzte partidu guztiak Debagoieneko zein bailaratik kanpoko taldeek, abenduaren 28 eta 29an.

Aurten, gainera, txapelketa aldaketa batekin datorrela adierazi du Arizmendi Kirol Elkarteko kide Gorka Gabilondok: "Normalean gazteek jokatzen dute lehenengo, eta ostean, nagusiek. Aurten alderantziz izango da". Hala, hilaren 28an, 16:30ean lehiatuko dira Erreala, Alaves eta bailarako selekzioa -Oñati, Bergara, Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaletako jokalariek osatzen dute azken hau-.

Hurrengo egunean, 29an, bestalde, gainontzeko mailetako txapelketak jokatuko dituzte. Infantil mailakoak lehiatuko dira lehenik, eta gero, eguerdian, kadeteen txanda izango da. Arratsaldean, azkenik, alebin mailako norgehiagokak jokatuko dituzte. Gipuzkoako talde ezberdinak arituko dira elkarren aurka jokatzen. Bailarako taldeei dagokienez, etxeko taldea, Arizmendi, eta Aloña Mendi eta Bergarak hartuko dute parte txapelketan, eta bailaratik kanpokoak, aldiz, Goierri gorri, Anaitasuna eta Tolosa izango dira, besteak beste. Gainera, infantil mailako Errealako taldeak ere hartuko du parte txapelketan. Kadeteetan, Oiartzun eta Valladolideko talde bana gonbidatu dituzte Aretxabaletan jokatzera.

Gabonetako Emakumeen txapelketak Arizmendi Ikastolarentzat duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Aitor Guridik, Arizmendi Ikastolako zuzendaritzako kideak, txapelketa aurkezteko egindako agerraldian: "Emakumeen kirola sustatzeko txapelketa oso garrantzitsua da, lan soziala egiten dugu" azaldu du. 

Garbiñe Etxeberria Errealeko emakumezkoen futbol arduradunak, bere aldetik, agerraldia aprobetxatu nahi izan du txapelketako antolatzaileei errekonozimendua egin eta eskerrak emateko: "Duela urte batzuk emakumeentzat egiten zen torneo bakarrenetarikoa zen hau, eta beraz, ez genuen beste aukerarik izaten. Arduradunek sekulako lana egiten duzue". Hala, emakumeen txapelketa urteekin "hazten" eta "balioa irabazten" joan dela aitortu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak