Askotarikoak izan dira Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Debagoieneko herri guztietan egin dituzten ekintzak, pasa den astetik hasita.
Antzuolan, esaterako, Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak bakarrizketa kantatu bat egin zuen martitzenean bertan, berak idatzitako Neska bat leku inposiblean eleberrian oinarrituta, eta Olaran etxeko aretoa jendez bete zen bere hitzak entzuteko.
Aramaion, euskararen aldeko herri lasterketa batekin hasi zituzten ospakizunak, domekan. Martitzenean, Kantuz bizi ekimena egin zuten, eta herriko kaleetan hainbat euskal kantu abestu zituzten San Martin eskolako ikasleek, Alaiak abesbatzako kideek eta eguneko zentroko egoiliarrek. Horrez gain, euskararen arnasgune ere izendatu dute (ikus zatidura).
Aretxabaletan, auzoetatik abiatu zuten kalejira, plazan bukatu zena, eta ondoren, ekitaldi nagusia egin zuten. Euskaltegiko bi ikaslek adierazpen bat irakurri ostean, Leizarra musika eskolako dantza taldeak emanaldia eskaini zuen, eta ondoren talde argazkia atera zuten, Euskaraldiarekin bat egiteko.
Arrasaten ere martitzenean bertan egin zituzten ekintza guztiak, Biteri plazan. Lehenik, arratsaldean, umeendako jolas eta tailerrak egin zituzten, ludotekek antolatuta, eta ostean etorri zen ekitaldi nagusia. Euskaltzaleen Topaguneak kaleratutako manifestuan oinarrituta, euskararen historiari errepasoa egin zioten, eta ostean, aurrera begira jarri ziren, euskarak dituen erronkei begira.
Bergaran, Euskaraldiarekin bat egiteko ekitaldia egin zuten lehenik, domekan, Seminarixoan, Jone Olabarria kazetariak aurkeztuta eta Imanol Ituño magoak girotuta, magiaren eta euskararen arteko zubia eraikiz. Martitzenean, berriz, Berexerka taldearen antzerkia eta hainbat esketxen emanaldia egin zuten, hori ere Seminarixoan.
Eskoriatzari dagokionez, asteburuan egin zituzten ekintza guztiak. Egubakoitzean, karparen irekiera egin zuten, kontzertu akustiko batekin. Irati Etxebarrietak eta Julene Rosadok osatutako bikoteak eta Andoni Bengoak egin zuten kantuan, besteak beste. Zapatuan, berriz, 130 bat lagun elkartu ziren paella jateko, eta, bazkalostean, kantuz lagunduta egin zioten ongietorria Euskaraldiari.
Elgetan, Jon Basagurenen kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten egubakoitzean eta martitzenean, berriz, hizkuntza ohituren bilakaeraren inguruko mahai-ingurua egin zuten. Aurretik, baina, txokolate-jana eta umeendako jolasak egon ziren herriko plazan.
Gatzagan, Arnasa gara ekimena aurkeztu zuten pasa den eguenean. Kultura etxean. Lehenik eta behin, EiTBk eta Hiru Damatxok ekoiztutako Kartzela sail digitalaren aurre-estreinaldia egin zuten, eta ondoren, solasaldia.
Oñatin, azkenik, Kaffka antzezlanaz gozatu zuten batxilergoko ikasleek Santa Anan, martitzenean. Horrez gain, euskal kantuak abestu zituzten, eta, azkenik, Euskaraldiarekin bat egin zuten, herriko plazan borobilean jarrita, performance baten bitartez.
Ariguneak, elementu berriak
Astelehenean aurkeztu zuten Euskaraldiaren bigarren edizioa, 2020ko udazkenean egingo dutena, Itsasmuseum Bilbao itsas museoan. Euskararen biziberritzearentzat oso garrantzitsuak diren eremuetan euskararen erabilera bultzatzeko neurri praktikoak bultzatzea du xede Euskaraldiaren bigarren edizioak –besteak beste, aisialdian, alor sozioekonomikoan eta administrazioan–. Ahobizi eta belarriprest-ek hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egiteaz gain, taldeko harremanetan ere eragin gura dute antolatzaileek, eta, beraz, entitateek ere hartuko dute protagonismoa. Ariguneak izango dira bigarren Euskaraldiko elementu berria: entitateek euren ardurapean identifikatutako euskaraz aritzeko gune babestuak, hain zuzen.
Dagoeneko aurkeztu dituzte ariguneak antolatzeko baldintzak dituzten aztertzeko, gune horiek identifikatzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartu duten entitate batzuk, izaera, tamaina, jatorri eta sektore askotarikoak. Hauek dira: Oreka IT aholkularitza-taldea, Deustuko SGEL liburu-denda, GKN Zumaia, Iruñeko Duguna dantza taldea, Kutxabank, Athletic Fundazioa, Musikene goi-mailako musika ikastegia, Elika Fundazioa, Euskal Herriko, Laborantza Ganbara, Bilgune Feminista, Laneki lanbide heziketarako ikasmaterialen argitaletxea, Artepan okindegiak, Sokoa altzari ekoizlea, Euskal Herriko Meatzarien Museoa eta UVESCO taldea.
Hurrengo hilabeteetan "entitate horietan ariguneak sortu, bultzatu, identifikatu eta babesteko prozesua martxan jarriko da, Euskaraldian zehar arigune modura aritzeko prest egon daitezen", antolatzaileen esanetan.
Arrasateko entitateak, prest
Debagoienean ere hasi dira lehen arigune horiek sortzeko konpromisoa hartu duten entitateak azaleratzen. Izan ere, Arrasaten aurkeztu dute zerrenda dagoeneko: Arrasate Trikitixa Eskola, Ttakun Txalaparta Elkartea, Abian Fisioterapia Zentroa, Fagor, Mondragon Taldea, EPA-HHI helduen eskola, Ardatz formakuntza eta ikasketa zentroa, Ibai-arte, Taxka taberna, kiroldegia, Udaltzaingoa, Besaide Mendizale Elkartea, Arrasate Dragoi Gimnasia Taldea, Mundukide eta Leintze elkarte gastronomikoa.
Bi arigune mota
Arigunea osatzen duten kide guztiek euskara ulertzeaz gain, euskaraz hitz egin nahi dutenekiko aldekotasuna adieraziko dute. Horregatik, euskarazko harremanek zilegitasuna eta babesa izango dute eta errazagoa izango da hauetan euskaraz aritzea. Bi motatako ariguneak egongo dira: erakunde hauen barne funtzionamenduan euskararen erabilera babesteko sortutako barne-ariguneak, eta herritarrekiko harrerarako edo kanpo harremanetarako dituzten kanpo-ariguneak.
Irekita dago ariguneak inskribatzeko epea, Euskaraldia.eus webgunean, eta horretarako aukera egongo da uztailera arte. Izena eman ahal izateko, ariguneak non dituen identifikatu beharko du entitateak, eta kideekin adostasuna hitzartu. Azaroaren 20tik abenduaren 3ra arte egingo dute Euskaraldiaren bigarren edizioa.