'Eltzikorta' eta gainerako preso gaixoak etxeratzeko eskatu dute Antzuolan

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 30a, 21:59

Debagoieneko Sarek deitutako manifestazioarekin 200 bat lagunek egin dute bat gaur iluntzean, Antzuolan. Joseba Erostegi Eltzikorta-ren eta beste 20 euskal preso gaixoren egoera salatu gura izan dute eta etxeratzeko deia egin.

Presoek bizi dutena erakusteko antzerkiarekin hasi dute ekitaldia eskolako patioan, eta ondoren, Antzuolako kaleetara atera dira Larriki gaixo dauden presoak etxera! Eltzikorta etxera! lelodun pankartekin. Antzuolarrekin bat egin dute Debagoieneko hainbat herritatik gerturatutakoek. Eltzikorta-ren etxe aurrean geralditxoa egin eta patioan eman diote bukaera manifestazioari. 

Larriki gaixo dauden presoen egoeraren berri eman dute bukaerako ekitaldian. Hala, gogorarazi dute Eltzikorta-k 22 urte daramatzala kartzelan, 66 urte dituela, eta  2014az geroztik dagoela gaixo; hainbat polipo ditu kolonean eta uzki zati bat dauka kenduta. Eltzikorta-k eta hark lez beste 20 presok jasaten duten "salbuespen legedia eta kartzelaldi ankerra" ere salatu dute: "Urgentziazkoa da preso hauek kaleratzea eta haien gaixotasunak modu egokian, kalean, artatzea. Indarrean dagoen salbuespen espetxe politika errotik aldatzea eskatzen dugu".

Eltzikortaren senideei lore bana eskaini dizkiete eta ekitaldia girotu dute musikarekin eta Aitzol Iturberen bertsoekin.

Musikariak ekitaldia girotzen.

'Eltzikorta'-ren senideak loretxoak jasotzen.

Aitor Mendizabal pilotari antzuolarrak azken partidua jokatu du gaur profesional mailan, Eibarren eta herrikide asko joan dira hara. Hori jakinik elkartasun argazkia atera dute goizean Mendizabalek berak eta beste hainbat lagunek.

Aitor Mendizabal eta beste hainbat herrikide 'Eltzikorta'-ri babesa erakusten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak