Indarkeria matxistaren aurkako ekintza ugari Debagoienean

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 22a, 12:56

Azaroaren 25ean, astelehenean, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta bailarako Udalek herriko mugimendu feminista osatzen duten talde eta elkarteekin elkarlanean zenbait ekintza antolatu dituzte.

Emakumeek sufritzen duten arren, arazoa gizonezkoena dela nabarmendu gura izan dute Arrasate Mugimendu Feministako kideek. Hala adierazi du Jasone Giraldo Arrasate Mugimendu Feministako kideak: "Gure artean askotan komentatzen duguna da ez dela gure borroka. Guk sufritzen dugu, baina, arazoa bera ez dela gurea. Arazoa gizonezkoek dute, eta egun horretan argi eta garbi eta ozen esan behar duguna da gizonezkoek arazo honi eusteko eta ausartak izateko, eta egun horretan gizonezkoak ere egon behar direla gure lerro berean".

Herri guztietan egingo dira elkarretaratzeak azaroaren 25ean, Arrasaten manifestazioa, baina, aurretik zein ostean ekintza eta ekimen ezberdinak izango direla adierazi du Giraldok.

Herriz-herri egongo diren zenbait ekintza

Oñatin, gaur, 22:00etan, Panpinak antzezlana izango da Santa Anan eta azaroaren 28an, berriz, solasaldi bat izango da zahartze prozesuari buruz, kultura etxean.

Aramaion, gaur, Emakumeen kontrako indarkeria mota desberdinak hitzaldia eskainiko du Norma Vazquez-ek, 18:00etan, kultura etxean, eta astelehenean kalejira zaratatsua izango da, 17:30ean kultura etxean hasita, talde feministaren eskutik. 

Arrasaten, zapatuan, autodefentsa feminista tailerra egingo dute Emakume Txokoan (10:00-14:00 eta 15:30-19:30 ). Ikastaroa doakoa izango da –gazteleraz– eta interesdunek aurrez izena eman beharko dute. Astelehenean, manifestazioa egingo dute, 19:30ean, Seber Altubetik abiatuta. Herriko Plazan amaituko da, eta bertan ekitaldi berezia egingo dute. Egun bererako, Ikasle Abertzaleak plataformak lanuzte deialdia du deituta, eta 10:30ean indarkeria matxistari buruzko tailerra egingo dute, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Azkenik, azaroaren 28an, Zauriak dokumentala proiektatuko dute, Kulturaten, 18:30ean. 

Bergaran, bestalde, azaroaren 25erako bi ekitaldi antolatu dituzte: erretiratuen Duintasuna elkarteak Emakume helduetan indarkeriarik ez! lelopean elkarretaratzea deitu du San Martin plazan, 12:00etan. Egun eta leku berean, baina 19:00etan, Martxanterek Endreduan izeneko kale ekintza egingo dute.

Aretxabaletan, Gure arteko arrazakeria lantzeko tailerra izango da gaur, Arkupen, 18:00etan, eta Eskoriatzan, azaroaren 27an, autobabes-aholkuei buruzko bi orduko tailerra izango da, besteak beste. Antzuolan, ekintza ikusgarria egingo dute azaroaren 25ean, indarkeria matxista edonon eta edonori gerta dakiokeela azaleratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak