Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Ekonomikorako Agentzia eskualdeko kanpo argiteria led motara pasatzeko esku-hartze plan bat bukatzear da abenduan, eta horren bitartez 4.178 lanpara berrituko dituzte guztira, "eskualde osoko lanparen %35-40 inguru", agentziako arduradun Koldo Azkoitiaren esanetan. "Oso ondo burutu da programa hau, eta ekonomikoki oso positiboa izan da udalentzat", azpimarratu du.
IDAEk, Espainiako industria ministerioaren baitako Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundeak, deialdi bat publikatu zuen 2015ean, argiteria tradizionaletik led argiteriara pasatzen laguntzeko. "Eskaera egiteko, gutxieneko bolumen bat behar zen, eta udalak euren kabuz ez ziren gutxieneko horretara iristen. Beraz, eskaera mankomunitate bezala aurkezteko aukerak aztertu genituen, eta udalei planteatu genien ideia hori, baita baldintzak ere". Bost udalerri sartu ziren lehenengo eskaera horretan: Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Oñati. "IDAEk 10 urteko finantzaketa bat egiten du eta lehen urtea ez, beste bederatzi urteak inbertsioa amortizatzeko dira. Mailegua %0 da, interes bakoa; beraz, oso interesgarria iruditu zitzaigun. Udalek zorpetze maila handitzeko arriskua zeukaten, eta aukera polita ikusi genuen Mankomunitatearen bitartez eskaera aurkezteko, mankomunitatearen zorpetze maila baxua zelako".
Abendurako, guztiak bukatuta
2016an eskaera egin eta tramite guztiak burutu ostean, 2017an bukatu zituzten lehenengo deialdiko instalazio lanak. 2.870 lanpara aldatu zituzten modu tradizionaletik led erara, eta 1.464.779 euroko inbertsioa egin zuen Mankomunitateak. "Hori egiten geundela, 2017an, beste deialdi bat publikatu zuen IDAEk", azaldu du agentziako arduradunak.
Hala, 2018an beste eskaera bat egin zuen Mankomunitateak, baina bigarren honetara lau udalerri aurkeztu ziren, Oñatik ez zuen-eta parte hartu, "bere kabuz ere bazebilelako lanean".
Bigarren deialdi horretan, 1.308 puntu aldatuko dira. "Berez, 1.400 inguru ziren, baina esleipen prozesuan Eskoriatzako lotea kanpoan geratu zen".
Azken hilabete hauetan ari dira argiteria berria jartzen puntu horietan, eta abendurako bukatuta izatea aurreikusten du Mankomunitateak. Inbertsioa 698.396 eurokoa izan da bigarren deialdian.
Dirulaguntzak, mesedegarri
Azkoitiak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren baitan dagoen Energiaren Euskal Erakundeari dirulaguntzak eskatu dizkio Mankomunitateak, eta, "bateragarriak" direnez, onartu egin ditu eskaerok. "Beraz, lehen programan 65.00 euro jaso genituen, 2017an, eta bigarrenean 60.000 euro, aurten. Horrek murrizten du, baita ere, udalek Mankomunitateari egin beharreko ekarpena, Mankomunitateak mailegua ordaindu dezan".
%70 aurrezten da led argiekin
Gainera, Azkoitiaren esanetan, led motako argiak instalatzen diren momentutik aurrezten hasten dira udalak, bai ekonomikoki, bai kontsumoari dagokionez, eta baita CO2 isurketei dagokienez ere: "%70 inguru aurrezten da led argiekin".
Mankomunitateak emandako datuen arabera, lehenengo deialdiko instalazioak egin aurretik, 2.870 lanpara horiek 2.259.816 kilowatt kontsumitzen zituzten orduko eta led motako argiek, berriz, 640.473 –1.619.343 kilowatt gutxiago–. CO2 isurketei dagokienez, lehen, 768.337 kilogramo isurtzen ziren, eta orain, 217.761 –550.576 kilogramo gutxiago–. Urteko kostua ere asko murriztu da. Lehen, 327.183 eurokoa zen, eta orain, 93.921ekoa –233.262 euro gutxiago–.
Bigarren deialdiari buruzko datuak ere eman ditu Mankomunitateak. 1.308 lanpara horiek 998.904 kW kontsumitzen zituzten lehen, eta orain, 242.617 –756.287 kW gutxiago–. CO2 isurketa 339.627 kilogramokoa zen lehen eta 82.489koa orain–. Kostuari dagokionez, azkenik, 145.526 eurokoa zen instalazioaren aurretik, eta orain, 36.087koa orain –109.439 euro aurreztu ditu bigarren deialdi honetan–.
Gainontzeko herriak ere, martxan
Arrasaten, guztira, 1.710 lanpara aldatu dituzte bi deialdi hauetan, 2016tik hona. Bergaran, 866; Aretxabaletan, 807; Eskoriatzan, 676 eta Oñatin, 119.
Antzuolak, esaterako, halogenuroaren aldeko apustua egin zuen deialdi hauek iritsi aurretik, eta horregatik ez du parte hartu deialdi hauetan. "Inbertsioa egin berri zuten oraindik, eta amortizatu gabe", dio Azkoitiak.
Elgetaren kasuan, udaletxearen esku dagoen argiteria publiko guztia led motakoa da dagoeneko –diputazioarena den argiteriaren zati bat oraindik ez–, eta Oñatin ere badoaz apurka-apurka argiteria publikoa mota horretakoa jartzen.
Leintz Gatzagan, berriz, ikerketa bat egin ostean, kontsumo baxuko fluoreszenteak zituzten herri osoan, eta gaur egun horiekin diraute. Hala ere, aurrera begira, led motakoak jartzeko asmoa dute.
Aramaion, azkenik, dagoeneko erdiguneko hainbat argi led motakoak dituzte, eta orain beste bi kaletan ere jarriko dituzte. Materiala eskatuta dute eta iritsi bezain pronto, Pedro Ignacio Barrutia eta Aita Gabirel Jauregi kaleetan jarriko dituzte led argiak.