20 urte beteta, lanean jarraitzeko gogoz

Eneko Azurmendi 2019ko aza. 8a, 09:38

Mundukide Fundazioa 1999an sortu zen, "interkooperazioa, elkartasuna eta gizarte eraldaketa oinarri hartuta"; atzo, eguena, egin zuten urteurreneko ekitaldi nagusia, Ane Irazabal kazetariak zuzenduta, sortzaile, bazkide, boluntario, kooperante ohi, eta abarrekin.

Kulturateko klaustroan egin zuten atzo ekitaldia. Ane Irazabal kazetari arrasatearrak gidatu zuen saioa eta, besteak beste, Mundukideko sortzaileak, bazkideak, boluntarioak, kooperante ohiak, erakunde eta kooperatiba bidelagunetako ordezkariak, gobernuz kanpoko erakundeetakoak eta Euskal Herriko garapen lankidetzako erakundeetako hainbat pertsona izan ziren bertan.

Aba Taano Gospel taldea, atzo, Kulturaten.

Ane Irazabal kazetari arrasatearrak gidatu zuen atzoko ekitaldia.

Ekitaldiari hasiera emateko, Mundukidek lan egiten duen herrialdeek bizi duten egoera azaldu zuten hainbat ordezkarik. Gero, Aba Taano Gospel taldeak gaurko kontzertuaren aurrerapen txiki bat eskaini zuen, abesti bat kantatuz. Ondoren, Javier Ruiz de Muniain, Jose Mari Ortubai, Leire Mugerza, Monika Gago eta Aritz Otxandiano igo ziren oholtza gainera, besteak beste, esperientzia kooperatiboa partekatzera. eta bukatzeko, luntxa egin zuten.

Jarduera handituko du

"Interkooperazioa, elkartasuna eta gizarte eraldaketa" oinarri hartuta, hamar herrialdetan lan egin du Mundukidek urte hauetan, eta 250 pertsona aritu dira zeregin horretan, langileak zein boluntarioak kontuan hartuta, 300 elkarte baino gehiagorekin.

2018an egindako lanak, adibidez, 75.000 pertsonaren bizitzetan eragin zuen, fundazioaren esanetan. Orain arte egindako lanaz "harro" azaldu dira, baina egungo egoeraren aurrean "erronka berriak martxan ipintzeko beharra" nabarmendu dute. Diote asko dagoela egiteko oraindik. "Batetik, aberastasuna gutxi batzuen eskuetan kontzentratzeak pertsonen arteko desberdintasunak handitzen ditu. Bestetik, planetaren aurkako mehatxuak klima aldaketa eta migrazio krisia ere hor ditugu".

Hala, plan estrategiko bat ezarri dute, eta datozen hiru urteetan jarduera handitu egingo dute Brasilen eta Mozambiken. Horrez gain, Afrikan jadanik martxan dute Etiopiako programa eta Malawin laster jarriko dute indarrean. Amerikan, aldiz, Kolonbian eta Ekuadorren ere hasi dira lanean. Aldi berean, emakumea indartzeko ahalegina egingo du Mundukidek, "bere erakundean, hegoaldeko programetan eta lan egiten duen erakundeekin genero ekitatea indartuz".

Eskerrak guztiei

Azkenik, fundazioak eskerrak eman gura izan dizkie urte hauetan guztietan laguntzaile izan dituzten guztiei. "Kooperatiba, enpresa pribatu, boluntario, kooperante eta langile, babesle eta erakunde publikoei".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak