Fagorren Garagartzako gune izandakoa berrituko du Pulsar Krean enpresak

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 4a, 16:55

Pulsar Properties eta LKS-Krean Taldeak bat egin dute Pulsar Krean enpresa sortzeko, eta horrek, Garagartza auzoan Fagorrek izan zuen industria-gunea berreskuratuko du Mondragon Industrial & Logistic Park izenarekin. 10 milioi euroko inbertsioa egin eta lanak 2020an bukatuko dituztela iragarri dute.

Gune horrek 114.240 metro koadro ditu eta hiru eraikin –bi industria-nabe eta bulegoei dagokiena hirugarrena–; horiek beste industria erabilera bat izan dezaten Pulsar Krean enpresak berritu egingo ditu.

Eraikin horiek Ekimen Berri Kudeaketa S.L.U. enpresarenak dira. Izan ere, 2011n, Fagor Etxetresnakek laga egin zizkion bi industria-gune 55 milioi euroren truke, eta diru hori erabili zuen Fagorrek zorra amortizatzeko. Era berean, industria-gune horien errenta-hitzarmena sinatu zuen Fagorrek Ekimen Berri Kudeaketarekin zazpi urtetarako eta horiek pasatakoan erosteko aukera zabalik utzi.

Hiru eraikin, 57.300 metro koadro

Pulsar Kreanek, orain, hiru eraikinak salgai jarriko ditu edo errentan eman, eta horien gaineko xehetasunak eman dituzte: lehenengo eraikinak 23.950 metro koadro ditu, horietatik 3.400 metro koadro bulegoei eta zerbitzuei dagokie eta 27 gune eta bederatzi sarbide ditu; bigarrenak, 30.600 metro koadro, horietatik 1.400 bulegoak eta zerbitzuak, 30 gune eta zortzi sarbide; eta hirugarren eraikinak 2.700 metro koadro ditu, guztiak bulegoak. Inguruan, gainera, 620 aparkaleku daude.

Pulsar Krean enpresaren esanetan lantegi bat berreskuratzeko modurik onena gune hori berriro ere lantegi izatea da, edo behintzat produkzioari lotuta egotea. Eta dioenez, dagoeneko garatuta dauden lurzoruak aprobetxatzea jasangarritasunaren eta smart cities diseinuaren baitan dago. Hain zuzen industria-guneak eta logistikoak garatzen ditu Pulsar Krean enpresak, eta horiek berreskuratzen dihardu erabilera berria emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak