Sagarra, onddoak, bakailaoa eta eztia protagonista 33. Jardunaldi Gastronomikoetan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko aza. 2a, 15:33

Debagoieneko Mankomunitateko Turismo sailak 33. Jardunaldi Gastronomikoak abiatu ditu; abenduaren 8ra bitartean, garaiko produktuekin osatutako menu bereziak  eskainiko dituzte Arantzazuko Goiko Bentan, Bergarako Lasa jatetxean, Elgetako Maialde landetxean eta Arrasateko Hilarion jatetxean eta Santa Ana hotelean.

Sagarra, bakailaoa, onddoak eta eztia dira menuak osatzeko aukeratu dituzten sasoiko produktuak, eta horiekin jatetxe bakoitzak bere menu berezia egiten du; hori horrela, Arantzazuko Goiko Benta jatetxean, esaterako, errege-sagarra eta hostorea oinarri duen postrea eskaintzen dute, eta bestelakoak prestatu dituztela azaldu du Arrasateko Santa Ana hoteleko Iñaki Pildainek: "Galeper entsalada, ezti izozkia, bakailaoa labean eta oreina errege-sagarrarekin eskaintzen ditugu. Hasi garenetik jendeak menua egoki hartu du eta pozik gaude". 


Arrasateko Santa Ana hoteleko Iñaki Pildain oreina eta errege-sagarrarekin egindako platerarekin.

Madriletik eta Kataluñatik etorritakoak, gehienbat

Ohi moduan, Domu Santua asteburuan ere, Madriletik eta Kataluñatik etorri dira bisitari gehienak, hala dio Arrasateko Santa Ana hoteleko Iñaki Pildainek: "Guk une honetan pasoko bisitariak ditugu, batetik, Baionatik eta Hondarrabiatik etorritakoak, baina, bestela, Madriletik eta Bartzelonatik etorritakoak dira", eta hala berretsi du Goiko Bentako Miren Maiztegik ere: "Bertako jendea hurbildu zaigu jatetxera, baina bestela lo egitera Kataluñatik eta Madriletik etorritakoak ditugu. Orokorrean, bezeroek, asko estimatzen dituzte Jardunaldi Gastronomikoetako menuak".

Menu bereziez gainera, askotariko bisita gidatuak eskaintzen ditu Debagoieneko Mankomunitateko turismo sailak tokian tokiko Udal eta eragileekin elkarlanean. Bergaran, esaterako, Bergara Monumentala izenekoa eskaini dute gaur, zapatua, goizean: "Familia giroan etorritako bisitariak izan dira, gehienbat Kataluñakoak. Laboratorium bisitatzeko aukera ere badago gaur arratsaldean eta baita bihar, domeka, 10:00etatik 13:00era". Leintz Gatzagako Gatz Museoan ere ohi baino bisita gidatu gehiago egin dituzte asteburuan, atzo, egubakoitzean ere egin zituzten-eta. "Gipuzkoako eta Bizkaiko herri ezberdinetatik etorritakoak izan dira gehienbat, baina Madrileko eta Portugaleko bisitariak ere izan ditugu", azaldu du Gatz Museoko arduradunak.

Debagoieneko turismo aukeren gaineko informazioa Turismodebagoiena.eus atarian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak