Antxintxika krosaren 15. edizioa –Mikel Crespo memoriala– aurkeztu zuten atzo antolateta taldeko lagunek: "Dagoeneko 23o lagunek eman dute izena, eta 400 laguneko langa gainditu gura dugu". Izena emateko 16 euro ordaindu behar dira (18 euro autobus zerbitzua erabili gura bada) eta autobus horiek Bergarako saihesbideko kurban hartu ahal izango dira, 15:00etan edo 15:30ean –furgoneta zerbitzua izango da Soraluzetik Bergarara motxilak eramateko–.
Hala, aurtengoa ere Mikel Crespo memoriala izango bada ere –debagoiendar azkarrenek Aretxabaletako gaztearen izena duen saria irabaziko dute– Antxintxikan taldekoek Anselmo Gomez eta Luismi Cano gogoan izango dituzte: "Bergararrak ziren biak, lasterketan parte hartutakoak, eta zoritxarrez jada ez daude gure artean. Hala, gogoan izango ditugu".
Lasterketa 16:30ean hasiko dute gurpildun aulkian lehiatuko direnek, eta 16:45ean abiatuko dira patinatzaileak. Korrikalariek, berriz, 17:00etan hasiko dute Antxintxika krosa: "Eta hor nobedadea da zortzi-bederatzi aulki berezi ekarriko dituztela urritasun funtzionala duten haurrekin korrika egin ahal izateko". Hain zuzen, Zure irrifarra, nire indarra ekimenak kolorea emango dio lasterketari, eta horiek korrikalariekin batera hasiko dute lasterketa.
Ibilbideari dagokionez, aurten aldaketa txikiak izango dira: "Soraluzetik Bergarara arteko zati osoa bidegorritik egingo dugu aurten, eta ez dugu beste urte batzuetan sartutako Arranoko zatitxo hori sartuko –Kruz gallastegi kalekoa–. Hor galtzen ditugun metroak Mekolalden irabaziko ditugu".
Bestalde, antolatzaileen eskaera da dortsalak denboraz hartzea, azken orduan jendea ez pilatzeko: "Zapatu goizean Bergarako plazan hartu ahal izango dira, eta 14:30ean hasita Soraluzen".