Singular Dendak marka arlo sozialetan oinarritzat dituen balioetan posizionatzea eta herriko komertzioari balio erantsi berezia eskaintzen diolako baloratzen duen bezeroarekiko konplizitatea sortzea dira kanpainaren bi helburu nagusiak. Gaur hasi eta datorren astera arte iraungo du kanpainak, Arrasate eta Oñatiko Singular Dendetan. Hain zuzen, Belun, Resusta-Karrikiri, Sikol lentzeria, Olgeta, Lasagabaster, Oskar Vitoria bitxitegia, Boutique Elena, Tipi-Tapa eta Josle dira ekimenean parte hartuko duten establezimendu arrasatearrak. Oñatin, aldiz, Maibi dekorazioa, Arkauz Optika eta Amalur izango dira kanpaina aurrera eramango dutenak.
Bezeroak 'saritu' nahia
Gipuzkoako Merkatarien Federazioko zuzendari Maite Valmasedak adierazi duenez, establezimendu bakoitzak identifikatzen duen produktu edo zerbitzu bat jarriko du dendan ikusgai, kanpainako beste elementu batzuekin batera –argi-kutxa bat, Ni Singular Naiz poltsa bat Singular Denden gida-liburu bat...–. Hala, aukeratutako produktuen bidez bezeroen leialtasuna saritu gura dute saltzaileek. Are gehiago, bezeroekin harremanak gauzatu ahal izateko, Onda Vasca irratiarekin elkarlanean sariak banatuko dituzte: "Gipuzkoako Kale Nagusia programak egunero helaraziko dizkie entzuleei ekimenean parte hartuko duten komertzioekin lotutako galderak", eta, gaineratu duenez, erantzun zuzena ematen duten entzuleen artean zozketa egingo dute. Horretaz gain, Ni Singular naiz eslogana daramaten poltsak ere eskuratu ahal izango dira sare sozialetan.
Merkataritzari keinua
Singular Dendak programaren barruan garatuko da kanpaina; horren xedea da Gipuzkoako merkataritza bereiztea, profesionalizatzea eta modernizatzea. Horren harira, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak nabarmendu du ekonomia "bultzatzea" eta "sustatzea" dela euren jardunaren ardatz nagusietako bat. "Jarduera guztiak dira garrantzitsuak, baina merkataritza bereziki garrantzitsua dela esan dezakegu", azpimarratu du. Xabier Igartua Oñatiko Udaleko Sozioekonomia alorreko zinegotzia ere tokiko merkataritzarekiko "apustua" egitearen alde azaldu da, eta Singular Dendak markaren enbaxadore Markel Irizar txirrindulari ohiak ere jendea animatu gura izan du merkatariekin bat egin eta tokian bertan erosketak egitera.