Frankismoaren errepresioa jasan zutenak omenduko dituzte irailaren 26an

Txomin Madina Milikua 2019ko ira. 19a, 15:13

Intxorta 1937 Kultur Elkartearen eta Debagoieneko udalen ekimenez, altxamendu militarraren ondorioz diktadura frankista jasan zuten guztiak omenduko dituzte datorren eguenean, irailaren 26an, Arrasaten.

Arratsaldeko zazpietan hasiko da ekitaldia Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, Debagoienean erail edo desagerrarazi zituztenen omenez duela hamasei urte jarri zen monolitoan, eta bertan, aurrez zegoen zerrendari sei izen gehituko zaizkie.  Hona hemen izenak: Isidro Monge Alonso; Victor Uribe-Echeverria Bengoa; Blas Unamuno Amuchastegi; Guillermo Ugarte Aeta; Dimas Aranzeta Etxezarreta; eta Eusebio Menchaca Turiel. Omenaldian zehar, sei pertsona horien senideek Iñigo Arregiren eskultura bat jasoko dute ibarreko alkateen eskutik.

Parte hartzeko deia

Erregimen frankistaren ondorioen  aurrean, justizia aldarrikatu gura dute omenaldiarekin, eta horretarako bertsoekin, lore eskaintzekin, dantzekin eta musikarekin osatutako ekitaldia prestatu dute. Eskualde osoko artistek hartuko dute parte bertan, esaterako, internazionala abesten.

Antolatzaileek debagoiendar guztiei egin diete ekitaldian parte hartzeko deia, eta zehaztu dute era berean, datorren egunean eguraldi txarra egiten badu, Biteri plazara aldatuko dutela omenaldia. 

GOIENAk osorik jasoko du ekitaldia, hurrengo egunetan telebistan eskaintzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak